Zeelanda Berrian izango dira Galvez eta Velasco ardi-moztaileak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urr. 2a, 17:42

Goian ezkerretik hasita bigarrena Mikel Velasco eta erdian Mikel Galvez eskoriatzarra, Provencen (Frantzia), iazko apirilean. Argazkia: EAME.

Euskal selekzioa lehendabiziko aldiz arituko da Golden Shears World Championship munduko txapelketan; Mastertonen (Zeelanda Berria) jokatuko da, martxoaren 4tik 7ra.

Bederatzi lagunek ordezkatuko dute Euskal Herria ardi-moztaileen munduko txapelketan, Zeelanda Berrian, eta tartean izango dira Mikel Galvez eskoriatzarra eta Mikel Velasco arrasatearra, euskal selekzioko partaide izateko txartela lortu ondoren. Makinarekin arituko dira, hain zuzen ere, bi parte-hartzaile, beste bi guraizeekin –tartean da Galvez– eta azkeneko biak artilari –Velasco, esate baterako–; haiekin batera, berriz, taldeburu batek, epaile batek eta entrenatzaileak osatuko dute taldea. Galvezek, ordea, ez du martxora arte itxarongo hara bidaiatzeko, azaroa amaieran joango baita denboraldi osoa han egiteko asmoz txapelketara arte.

Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak antolatutako Euskal Herriko Ardi Moztaile Txapelketan ere izan ziren bi debagoiendarrak, eta lehen lauen artean sailkatu zen eskoriatzarra, hainbat kategoriatan parte hartuta: Euskal Herriko txapelketan, guraizeekin, laugarren sailkatu zen; nazioartekoekin partekatutakoan, berriz: open kategorian, guraizeekin, bigarren izan zen; eta laugarren seniorrean. Velasco ez zen lehendabizikoen artean sailkatu.

Galvez, Abadiñon (Bizkaia), eskuinetik hasita hirugarrena, elastiko berdearekin. Irudia: EAME. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak