Israelgo armadak nazioarteko uretan atzeman zituen atzo iluntzean Gazara laguntza humanitarioa daramaten Global Sumud Flotillako ontziak; azken datuen arabera, 530 ekintzaile zihoazen 47 ontzitan banatuta, eta 200 inguru atxilotu dituzte. Israelgo Atzerri Ministerioaren hitzetan, Israelera eramaten ari dira atxilotu horiek, eta hara iristen direnean haiek deportatzeko prozedurak hasiko dituzte. Dena den, Flotillak bere sare sozialetan adierazi duenez, Mikeno izeneko ontziak Gazako uretan sartzea erdietsi du.
Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria kolektiboak, horrenbestez, ontzidiaren aurkako erasoa salatzeko deia egin du, eta manifestazioak antolatu ditu Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Urruñan (Lapurdi) gaurko, Flotillari eraso diote; denok kalera! izenpean. Palestinarekin Elkartasuna plataformak ere bat egin du deialdi horiekin, eta baita Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sareak ere, elkarretaratzeak egingo baitituzte bailarako ia herri gehienetan.