Berbalagun egitasmoa bueltan da Debagoienean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 30a, 12:06

Arrasateko Berbalagun taldeko kideek eginiko irteera bat, artxiboko irudi batean.

Batu euskararen unibertsora: bidaiatu dezagun elkarrekin lelopean, euskararen inguruan komunitatea sendotzea eta hizkuntza praktikatzeko gune erosoak eskaintzea du helburu egitasmoak.

Berbalagun egitasmoa bueltan da Debagoienean, eta horren berri eman dute jardunean diharduten euskara elkarteek. Azaldu dutenez, euskaraz aritzeko gogoa duten herritarrak talde txikitan elkartzen dira, eta ordubeteko saio informalak egin ohi dituzte astero, "hizkuntza ohiturak landuta eta euskaraz jarduteko konfiantza irabazita". Eskolak, gainera, ez dira teorikoak, elkarrizketen bitartez bizipenak partekatzea eta lagun berriak egitea baita ardatza. "Euskara bizirik dago, baina erabiltzeko aukera sortu behar dugu. Berbalagunek lagunarteko giroan euskaraz aritzeko aukera eskaintzen dute. Bidaia hau elkarrekin egitea da garrantzitsuena".

Egitasmoan parte hartzeko izen-ematea martxan da, eta horretarako baldintzetako bat da euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea. Horretarako, interesa duten herritarrek euskara elkarteetara, euskaltegietara eta Udaletara jo dezakete informazio bila.

Ekintza osagarriak

Asteroko hitzorduez gain, aurten, hainbat ekintza osagarri egingo dituzte, eta horietako bat da astrotopaketena: Unibertsoan barrena euskaraz lelopean, urriaren 10ean izango dira, Elgetako plazan elkartuta; horretarako, urriaren 7a, martitzena, da izena emateko azken eguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak