73. Donostia Zinemaldia

Euskal ekoizpenak dirdiratsu amaitzear dagoen Zinemaldian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko ira. 26a, 12:27

Asier Altuna Kixi eta Telmo Esnal zinema-zuzendariak, martitzenean, Victoria Eugenia antzokian, Zinemira saria jasotzen. Argazkia: Donostia Zinemaldia.

Ikusleen harrera ona izan dute, orokorrean, eskualdeko zinemagileek 73. Donostia Zinemaldian aurkeztu dituzten askotariko ekoizpenek; ikustear dago txalo zaparrada horiei bihar, zapatua, egingo duten sari-banaketa ekitaldian sariak gehituko zaizkien.

Urte oparoa izan da euskal zinemarentzat eta horren erakusle da bihar bukatuko den 73. Donostia Zinemaldian 38 euskal ekoizpen izan direla guztira, eta Sail Ofizialean euskarazko hiru film luze; Aitor Arregi oñatiarrak Jose Mari Goenagarekin batera zuzendu duen Maspalomas eta Bergarako Asier Altuna Kixi-ren Karmele, horien artean.

Martitzenean egin zuten, Victoria Eugenia antzokian, Euskal Zinemaren Gala Handia, eta han bildu ziren euskal zinema industriako izen handiak zein ezezagunagoak; besteak beste, Debagoienekoak. Sara Cozar eta Joseba Apaolaza aktoreek gidatu zuten Palestinaren aldeko eta bestelako aldarri asko izan zituen ekitaldia, Zetak taldearen zuzeneko musikak ere lagunduta; aipatzekoa da Peio Reparazek Yune Nogueiras bergararra izan zuela taularen gainean lagun.

'Aupa Etxebeste!'-ren omenez

Askotariko sariak banatu zituzten sektorearen alor ezberdinak aintzat hartuta, eta orain dela hogei urte estreinatu zuten Aupa Etxebeste! filmari aitortza eginez borobildu zuten sari-banaketa ekitaldia, Asier Altuna Kixi eta Telmo Esnal zuzendariei Zinemira saria emanda. "Harrituta eta eskertuta" jaso zuten biek ala biek saria, filmeko protagonistetako batzuk izan ziren Ramon Agirreren eta Iban Garateren eskutik. "Aupa Etxebeste!-ko lantalde artistikoarekin eta teknikoarekin partekatu gura dugu saria. Oso kontziente gara gaur hemen saritzen dena ez dela bakarrik gure pelikula, euskal zinemaren bilakaera ere bai, eta bide horretan laguntzaile asko topatu ditugu; esaterako, orain dela 30 urte, gazteak ginenean, film laburrak egiten hasi ginen lantalde gazte eta ilusio handia zuten haiek. Era berean, eskerrak eman gura dizkiot Kimuak egitasmoari, oso garrantzitsua izan delako, sorkuntza bultzatzeko eta gure lanak munduan zabaltzeko, eta baita erakundeei ere. Eta, nola ez, Zinemaldiarekin ezin gara ahaztu, beti egon dira gure lanak bultzatzen eta beti egin digute tokia", adierazi zuen Altunak, sari-oroigarria eskuetan zuela.

Txalo artean hartu zituzten antzokian zeuden ikusleek, eta haietako askok film hori "mugarria" izan dela adierazi zuten Goienako kameraren aurrean gero. "Etxean, telebistan, ikusi nuen filma. Erreferente hutsak dira, marabilloso hutsak, orain euskal zinemak duen bide zabal horren irekiera horren arduradunetako batzuk dira eta oso eskertuta gaude beraiekin denok", esan zuen Galan EAE Bultzada saria jaso zuen Miren Gaztañaga aktoreak. Lara Izagirre zinema-zuzendariak ere gogoan du filma ikusi zuen eguna: "Zornotza aretoan, herriko aretoan, ikusi nuen estreinatu zenean, kuadrillakoekin. Aire fresko bat izan zen, itxaropena, eta, gainera, komedia baten bitartez ireki ziguten bidea zinema egiteko grina genuenoi. Oso maitatua da filma hori, euskal pelikulen artean maitatuenetakoa, esango nuke, eta oinarri bat". Miresmena adierazi du Paul Urkijo zuzendariak ere: "Kixi-k eta Telmok bide bat ireki zuten, non zinema euskaldunak bazuen bere leku industriala ere publiko handiari filmak erakusteko, eta beti diot haiei esker egiten dudala euskarazko zinema".

Karmele filmeko aktoreak, Asier Altuna Kixi zuzendariarekin, astelehenean.

'Karmele', ikusleen bihotzetan

Astelehena ere egun "lanpetua eta emozioz betetakoa" izan zuen Kixi-k; Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren bizipenak batzen dituen Karmele filma aurkezteko eguna. Goizean lantaldearekin batera prentsaren aurrean aurkeztu zuen egiazko bizipenak jasotzen dituen drama historikoa, hamaika elkarrizketa egin zituen ondoren, eta iluntzean lepo betetako Victoria Eugenia antzokian erakutsi zuen filma publikoaren aurrean. Ikusmin handia sortu du Kixi-ren azken film luzeak; horren erakusle da antzokiko sarreran bildu zen hedabide eta zale mordoa, lantaldearen gozamenerako. "Filma ikusteko gogoa dagoela sumatzen genuen, aurrez egindako elkarrizketetan eta bestelako ekitaldietan. Oso pozik nago. Urriaren 10ean estreinatuko dugu zinema-aretoetan, eta tranpolin polita da Donostia Zinemaldia", azaldu zuen Altunak. Jendaurrean erakusteko gogotsu zegoen Kepa Errasti aktorea, eta baita Kirmen Uribe idazlea ere; hauxe zioen Uribek: "Karmele Urrestiren istorioa noraino iritsi den ikustea oso polita da. Familiakoek kontatu zidaten istorioa lehendabizi, lagunak direlako; gero, liburu bihurtu zen; eta orain, pelikula zoragarri baten. Poz-pozik nago".

Asier Altuna Kixi: "Zinemaldia tranpolin polita da zinema-aretoetako estreinaldirako"

"Oso hunkigarria eta polita" izan zen emanaldiaren ostean ikusleek behin eta berriz esaten zutena. Horien artean ziren Imanol Pradales lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiria. "Hunkigarria, gogorra, historiaren adibide bat; film oso polita da, eta indarra duena", adierazi zuen lehendakariak, eta zera Zupiriak: "Gogorra egiten da horrela ikustea. Kirmen Uriberen liburuaren bitartez ezagutzen nuen istorioa; ez dago berdin-berdin kontatuta, baina modu oso sentsiblean eginda dagoela uste dut. Gauza askotan eta estiloan liburua bera gogoarazi dit, eta zenbait gauza hain modu bortitzean ikusteak inpresionatu egin nau". Bihotzetik erantzun zuten beste ikusle batzuek ere: "Pila bat gustatu zait! Aitonak kontatu izan dizkit istorioak eta orain hor ikusi dut benetan bizi izan zutena. Oso gomendagarria!".

Maspalomas filmeko lantaldea, domekan, Donostia Zinemaldiko alfonbra gorrian.

'Maspalomas' ere txalotua

Domeka izan zen, bereziki, Maspalomas filmaren eguna Donostia Zinemaldian. Goizean hasita, prentsaren aurreko aurkezpenak, elkarrizketak, argazki-saioak eta bestelakoak eginda, gaueko emanaldian izan zen lantaldea alfonbra gorrian. Urduri baina gogotsu sartu zen zinema aretora Aitor Arregi zuzendaria: "Goizeko emanaldietan gustatu dela entzun dugu, baina lagunak eta familiakoak daude emanaldi honetan eta barrua mugitzen dizu horrek. Ilusioarekin goaz".

Aitor Arregi: "Zinemaldia tranpolin polita da zinema-aretoetako estreinaldirako"

115 minutu geroago –filmak irauten duena–, bestelakoa zen lantaldearen aurpegia; erabat hunkituta zeuden ikusleek egin zieten txalo zaparradarekin. "Etxean gaude, eta ikustea Jose Ramon Soroiz eskailerak jaisten txalo zaparrada hori jasotzen... ikaragarria da!", zioen filmeko aktore Nagore Aranburuk, eta zera gaineratu zuen Zorion Egileorrek: "Gaurko eguna oso ona izan da, baina une hau zoragarria da!". Hunkituta irten ziren aretotik ikusleak, orokorrean.

"Hunkigarria eta oso harrigarria. Asko gustatu zait. Ez nuen espero", zioen emakume batek, eta zera Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasunerako diputatu Jose Ignacio Asensiok: "Ikustekoa eta beharrezkoa". Carmen Machi eskarmentu handiko aktorea ere txundituta irten zen aretotik: "Erabat gain eginda nauka, zinemaz harago doan zerbait da, ez dakit ze hitz jarri orain ikusi dudanari; hunkituta nago, eskertuta, ezin dut ikusi berri dudana sinistu, benetan, bizitzako zerbait gehiagora zabaltzen du. Maspalomas ikusita zinemak munduko zentzu guztia du". Gaur, egubakoitza, estreinatuko dute zinema-aretoetan.

Ibarreko zinemagile eta zinemazale asko izango dira bihar bukatuko den Zinemaldian

Erreportaje berezia gaur

Donostia Zinemaldian izan da Goiena, eta han jasotakoekin hainbat erreportaje egin dira; gaur, egubakoitza, emango da Goiena telebistan, 20:30ean eta 22:30ean, ordubeteko ikus-entzunezkoa.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak