Lanbide Heziketak hazten jarraitzen du, eta, matrikula epea luzatu egin berri badute ere, egun 1.596 ikasle dituzte eskaintza hori duten Debagoieneko zazpi zentroetan. Aurreko ikasturtean baino 43 gehiago dira. Eskualdean, goi mailako zikloek dituzte ikasle gehien: 789. Jarraian datoz erdi mailako zikloak –622 ikasle–, oinarrizko Lanbide Heziketa –131 ikasle– eta espezializazio programak –54 ikasle–.
Genero-ekitateari dagokionez, aurrerapausoak izan dira, eta emakumeek gero eta presentzia handiagoa dute sektore estrategikoetan, baina arrakala handia da oraindik. Ikasturte honetan Debagoieneko zentroetan matrikulatu diren 1.596 ikasleetatik 436 dira emakumeak: %27,3. EAEko batezbestekoa %35,6 da.
STEAM ikasketak nagusi
Lanbide Heziketak palanka izan gura du jokoan den berrindustrializazioan laguntzeko, eta zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekin lotutako STEAM ikasketak bultzatzeko ahalegina nabaria da.
Ikasturte honetan 1.147 ikasle matrikulatu dira Lanbide Heziketako STEAM arloko formakuntzaren batean –%81,49– Debagoienean. Iaz, 1.084 izan ziren. Emakumeak, berriz, %20,4 dira –iaz, %18,9–.
Alor horretan ere matrikulazio handieneko formakuntzak goi eta erdi mailetako zikloetan izan dira: goi mailan 157 matrikula izan dira Fabrikazio Mekanikoko Produkzioa zikloan, 140 Mekatronika Industriala zikloan eta 100 Automatizazio eta Robotika Industrialean. Erdi Mailako Mekanizazioa zikloak ere ehun ikasletik gorako matrikulazioa izan du: 139.
Hizkuntza eredua
Sistema, bestalde, eleaniztunago egiten ari da: D ereduan ari da Debagoieneko ikasleen %46,10, eta ingelesa hizkuntza gehigarri gisa txertatzen duten D+ zikloetan %21,67. A ereduan dihardu %24,3k eta B ereduan %7,9k.
Plaza libreak
Debagoieneko Lanbide Heziketako ikastetxeetan plaza libreak daude oraindik, eta urriaren 17ra arte luzatu dute matrikula epea bai ikastetxeetan bai Hezkuntza Sailaren kanal ofizialetan.