Canfrancen dute urteko hitzordua

Xabier Urtzelai 2025ko ira. 26a, 08:00

Malen Osa, Oihana Kortazar eta Ibai Larrea.

Atzo –eguena– hasita, Huescako herrian dabiltza Trail eta Mountain Running-eko Munduko Txapelketa jokatzen. Oñatiko Malen Osa, Elgetako Oihana Kortazar eta Antzuolako Ibai Larrea izango dira hitzorduan, Espainiako selekzioarekin. Osak eta Kortazarrek gaur hasi dute lasterketa, 08:00etan.

Lerro hauek irakurtzen dituzuenerako Malen Osa (Oñati, 2002), eta Oihana Kortazar (Elgeta, 1984) Canfranc estaziotik La Moletara bidean izango dira korrika, izerdi patsetan, gaur 08:00etan ziren eta hastekoak urteko lasterketa garrantzitsuenetako bat, Munduko Txapelketa barruko short trail deritzon proba, alegia, 45 kilometrotako lasterketa (3.650 metroko desnibelaz). Ibai Larrearen (Antzuola) txanda, berriz, domekan izango da, Classic deritzon lasterketan hartuko du parte, 14,5 kilometrotako proba azkarrean.

Debagoieneko hiru ordezkariak Atletismoko Espainiako Federazioaren elastikoarekin lehiatuko dira Munduko Txapelketan –73 herrialdetako 1.800 korrikalari batuko dira egunotan Canfrancen– eta bailarako korrikalariekin batera Sara Alonso, Naiara Irigoyen, Ondditz Iturbe, Peio Berribeitia eta Ekain Fernandez dira gainontzeko euskal ordezkariak.

Osa eta Kortazar, maratoian

Gaurko lasterketan elite mailako atleta onenak izango dituzte Osak eta Kortazarrek ondoan, esaterako, Denisa Dragomir, Judith Wyder, edota Therese Leboeuf eta Maude Mathys suitzarrak. Eta, Malen Osa eta Sara Alonso –udan behi batekin izandako istriputik errekuperatu ahal izan da donostiarra– faboritoen multzoan daude. Txantxikuarrak GOIENAri aste barruan aitortu dio lasterketa ona egiteko esperantza daukala. "Gero akaso muturrekoa hartuko dut", dio barrez, "baina Zegama-Aizkorri amaitu ostean hitzordu honetan zentratu ginen buru-belarri, eta hilabete hauetan ez naiz beste batzuk adina lehiatu, entrenatzen ibili naiz, lasterketa hau prestatzen. Niretako oso lasterketa berezia da, etxekoekin umetatik ondo ezagutzen ditudan inguruetan ibiliko gara, urte hauetan guztietan makina bat kilometro egin ditut inguruotan korrika eta Munduko Txapelketa Canfrancen izan behar zela jakin genuenean hitzordua gorriz markatu genuen, niretako etxean lehiatzea modukoa da. Gero ikusiko dugu lasterketak non jartzen gaituen, oso ibilbide gogorra delako eta niretako distantzia hauek berriak direlako, baina konfiantza dut nire buruan. Badakit lasterketan indarrak ondo kudeatzea oso garrantzitsua izango dela, eta uste dut horretan nahiko ondo moldatzen naizela. Sei orduko lasterketa izango da eta burua hotz mantentzea tokatuko da. Baina, gauzak ondo eginez gero sentitzen dut aurrean ibil naitekeela".

MALEN OSA: "ETXEAN MODUAN LEHIATZEA DA, MIMOZ PRESTATU DUT MUNDUKO TXAPELKETA HAU" 

Berritasun moduan, Osak makilekin egingo du korrika. "Udan horiekin ibili naiz entrenatzen, eta hasieran asko kosta zitzaidan ohitzea, ez nintzen nahi moduan moldatzen. Entrenatzailearen gomendioa izan zen lasterketa honetan makilak erabiltzea, eta bai, hasieran ernegatu samar ibili nintzen, baina ikusi dut abantaila izan dezakedala makilekin korrika eginda. Noski, halako erabakiak ezin dira bezperan hartu, udan eurekin ibili naiz entrenatzen".

Kortazar, sasoiz justu

Oihana Kortazar ez da nahiko zukeen gorputzaldiarekin iritsi hitzordura, eta hala ere, oso eskertuta dago selekziorako hautatu izanagatik. 2023an Inssbrucken jokatutako azken Munduko Txapelketan zazpigarren izan zen elgetarra, helmugan Emilie Forbergi esprinta irabazita. Oraingoan,baina, badaki aurrean ibiltzea zail izango duela. "Udara bitartean denboraldia ondo joan da, gustura ibili naiz, baina uztail amaieran lesionatu egin nintzen. Panticosan korrika nenbilela ezkerreko behatz potoloa hautsi nuen eta horrek dezente baldintzatu dit hilabete hauetako prestakuntza, geldi egon behar izan nuelako zenbait astez. Horregatik diot ez naizela lasterketara nahi moduan iritsi, baina horrek dagoeneko ez dauka bueltarik eta aurrera begiratu behar da. Hala ere, motibazio iturri handia izan da beste urtebetez Munduko Txapelketarako hautatua izatea. Berez orain egingo duguna Canfranc-Canfranc lasterketako ibilbide berbera da, lehenago ere egin izan dugu proba, eta ondo dakigu zein gogorra den. Akaso horrek kontsolatzen nau, alegia, lasterketa ondo ezagutzen dudala jakiteak, eta motibatuta egoteak. Indarrez justu zaudenean motibazioari eustea lagungarria izaten da, sei orduko lasterketa batean buruak ere garrantzia handia daukalako; burua hotz, pazientzia izan eta esperientziatik tira egin, horretan saiatuko naiz. Talde moduan uste dut oso talde sendoa daukagula, eta Malen Osa eta Sara Alonso onenekin batera lehiatzen ikusten ditut, baina bai, oso kontrario gogorrak izango ditugu. Gustatuko litzaidake selekzioko kide guztiak iristea helmugara, eta denok batzea puntuak, taldeari denok ekarpena egitea. Baina bai, maila aldetik esango nuke azken urteotako Munduko Txapelketa gogorrena dela hau".

OIHANA KORTAZAR: "EZ NAGO SASOI BETEAN, BAINA EZ DA IZANGO ILUSIO FALTAGATIK"

IBAI LARREA: "AFRIKARREK 'HEGAN' EGINGO DUTE; EA ONDOAN IBIL GAITEZKEEN"

Larrea gustura zirkuituaz

Ibai Larreak Classic deritzon lasterketan hartuko du esku, domekan (12:30). "14,5 kilometro ditu ibilbideak, eta lasterketa azkarra izango da, baditu igoerak eta jaitsierak –800 metrotako desnibela gaindituko dute– baina orokorrean korrika egiteko zirkuitua da, baditu tramu oso azkarrak. Duela bi aste izan nintzen bertan entrenatzen, eta esango nuke nire ezaugarrietara ondo egokitzen den lasterketa dela, zentzu horretan ez dago aitzakiarik. Gainera, azken egunotako entrenamenduetan ikusi dut sasoi aldetik ondo nagoela, ondo sentitzen naiz, baina gertatzen dena da erreferentziak falta zaizkigula, alegia, oso kontrario gogorrak izango ditugula eta ez dakigula eurak zelan dauden. Afrikarrek hegan egingo dute zirkuitu horretan, hori garbi dugu, eta bereziki keniarrak eta ugandarrak oso indartsu ibiliko dira. Eurekin batera, duela bi urte Innsbrucken taldeka italiarren atzetik geratu ginen, eta aurreikusten dugu eurak ere kontrario gogorra izango direla. Hala ere, taldekideak indartsu ikusten ditut eta uste dut gu ere aurrean ibil gaitezkeela".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak