Bi debagoiendar izango dira Euskal Herriko Ardi Moztaile Txapelketan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 23a, 14:55

Goian ezkerretik hasita bigarrena Mikel Velasco eta erdian Mikel Galvez eskoriatzarra, Provencen (Frantzia), iazko apirilean. Argazkia: EAME.

Irailaren 27an, zapatua, jokatuko da txapelketaren lehendabiziko edizioa, Abadiñon (Bizkaia); egun osoko egitaraua antolatu dute, 10:00etan hasiko diren arren moztaileak egin beharreko lanarekin.

Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak antolatuta, Euskal Herriko 24 moztailek eta nazioarteko 42k hartuko dute parte Euskal Herriko Ardi Moztaile Txapelketan, eta han izango dira Mikel Velasco arrasatearra eta Mikel Galvez eskoriatzarra. Bi modalitatetan, makinaz eta artaziz, lehiatuko dira moztaileak, hiru kategoriatan banatuta: senior, open eta nazioartean. "Teknika, abiadura eta trebezia handiko ikuskizuna" izango dela azaldu dute antolatzaileek, eta, guztira, Euskal Herriko mila ardiri moztuko dietela ilea. "Gainera, parte-hartzaileen artean dira Nick Greaves (Ingalaterra) eta Ivan Scott (Irlanda), munduko moztaile onenen artean sailkatuak; biek dituzte eginda munduko errekorrak".

Espainiako, Galesko, Ingalaterrako, Alemaniako eta Frantziako zortzi-hamar epailek osatuko dute epaimahaia, eta Robbie Hislop eskoziarra izango da epaile nagusia. "Oro har, moztaileak denboraren aurka lehiatuko dira, eta epaileek mozketaren kalitatea ebaluatuko dute. Prozesu osoan zehar moztaileak egindako lana epaituko da, eszenatokian bertan eta eszenatokitik kanpo. Abiadurak garrantzi handia izango du, baina moztaileek zehaztasunarekin orekatu beharko dute, ardiak zaindu eta artilearen kalitatean eraginik ez izateko. Moztailerik bizkorrena izateak soilik ez du garaipena bermatzen".

Euskal Herriko moztaile txapelduna

Euskal Herriko moztaile txapelduna nor izango den ere erabakiko da zapatuan, "historian lehendabiziko aldiz". Gainera, 2026ko martxoaren 4tik 7ra bitartean Mastertonen (Zeelanda Berria) jokatuko den Golden Shears World Championship munduko txapelketarako euskal selekzioa hautatzeko ere proba baliagarria izango da: "Euskal Herria munduko txapelketan ordezkatuko duten taldea bederatzi lagunek osatuko dute: makinaz arituko diren bi moztailek, guraizez arituko diren beste bik, artile kudeatzaile bik, talde buruak, epaileak eta entrenatzaileak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak