Uda osoa topera ibili dira. Bai Galeanok eta bai Barrocalek Plazaz plaza txapelketa zein Udara Caixabank txapelketa jokatu dituzte, eta horrekin batera herriko jaietako hainbat jaialdi egin dituzte.
Ondo aritu dira eta heldu da saria; izan ere, final baterako txartela eskuratu du Barrocalek eta bi finalerako sailkatu da Galeano.
Udara Caixabank finala hilaren 26an
Esan moduan, Leire Galeano antzuolarra bi finalerako sailkatu da: Udara Caixabank txapelketakoa jokatuko du lehenengo. Egubakoitzean, hilak 26, jokatuko du Agoitz herrian (Nafarroa). Ainhoa Ruiz de Infanterekin osatuko du bikotea eta aurrez aurre izango dute Maite Ruiz de Larramendik eta Iera Agirrek osatutako bikotea.
Plazaz plaza finala urriaren 4an
Plazaz plaza txapelketako finalean izango dira aurrez aurre bi pilotari debagoiendarrak. Galeanok Iera Agirrerekin osatuko du bikotea eta Barrocalek Ane Mendibururekin. Finala urriaren 4an jokatuko da Donamarian (Nafarroa).
Jaialdia Elgetan
Atzo, domeka, Elgetako frontoian egindako pilota jaialdian izan ziren bi pilotariak. Ez zuten aurrez aurre jokatu, baina duten maila erakutsi zuten. Jaialdia hasi aurretik, gainera, herriko zaletuekin egin zuten pilotan gazteen gozamenerako.
Jaialdiak bi norgehiagoka hartu zituen. Honako hauek izan ziren emaitzak:
- Maddi Barrocal/Amaia Arrastia 22 - Natale Aranburu/Olatz Ruiz de Larramendi 17
- Ainhoa Ruiz de Infante/Leire Galeano 22 - Leire Oskoz/Ohiana Orbegozo 21