Osakidetzak bost familia-mediku plaza esleitu ditu Debagoieneko ESIrako

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko ira. 19a, 14:00

Aretxabaleta, Bergara eta Oñatiko osasun zentroetako, Arrasateko anbulatorioko eta Elgetako kontsultako plazak dira. Profesionalak astelehenean dira plaza berrietan lanean hastekoak.

Atzo publikatutako Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak jasotzen du hainbat mediku lanpostu betetzeko Osasun Sailak zabaldutako lan-eskaintza publiko bereziaren esleipena. Gipuzkoarako 27 familia-mediku eta lau pediatra izendatu ditu Osakidetzak, horien artean bost familia-mediku Debagoieneko ESIrako.

Hain zuzen ere, honakoak dira: Aretxabaleta, Bergara eta Oñatiko osasun zentroetarako plaza bana, Arrasateko anbulatoriorako bat eta Elgetako kontsultarako beste bat. Debagoieneko ESIrako izendatutako bost familia-medikuak emakumeak dira eta astelehenean, hilak 22, dira lanpostu berrian hastekoak.

Prozesu berezia

Betetzeko zailak diren plazak osatzeko egin du esleipen prozesu berezia Osakidetzak. Guztira, 130 familia-mediku plaza eta 21 pediatra plaza esleitu ditu, gehienak Bizkaian. 800 hautagai aurkeztu dira.

Familia Medikuntzan eta Pediatrian betetzeko plaza zailtzat hartzen dira:  arratsaldeko txanda dutenak, goizeko txanda izanagatik arratsaldera luzatu daitezkeenak, Etengabeko Arretako Puntuetara lotuta daudenak (PAC), kontsultategietakoak, espetxe-unitateetarako direnak zein profesionalari hainbat zentrotan aritzera eskatzen diotenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak