Askotariko kirolak probatzen jarraitzera animatuko dituzte umeak

Goiatz Arana Begiristain 2025ko ira. 19a, 18:00

Haurrak, Leintz Eskola Kirolak iaz antolatutako hiruko saskibaloi txapelketan, Arrasaten.

Eskola kirolean ikasturtea hastetik gertu, zabalik daude izen-emateak oraindik, baina beherakada izango dela aurreikusten dute bailarako koordinatzaileek. Edonola ere, askotariko kirol jarduerak praktikatzeak dituen onurak defendatzen jarraitzen dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1989an onartutako foru-dekretu baten arabera, 13 urtera arteko umeek eskola kirolean parte hartu behar zuten, baldin eta kirol jakin baten eskolan egon nahi bazuten. Paisaiako familia batek arau horren aurkako auzibidea abiatu eta EAEko Auzitegi Nagusiak dekretu hori atzera bota ostean, ordea, derrigortasun hori bertan geratu zen urtarrilean. Zeresana eman zuen ebazpenak eta ziurgabetasun handia sortu, baina heldu da epaiaz geroztiko lehen ikasturtea hasteko unea: irailaren 29ko astetik aurrera, martxan izango da, berriz ere, eskola kirola, apurka-apurka.

Izen-emate epeak zabalik daude oraindik, eta ikusteke dago, beraz, eragina zenbaterainokoa izango den, baina koordinatzaileek aurreikusten dute beherakada egongo dela, eta orain arteko datuek ere hala erakusten dute: Bergaran, adibidez, bostehuneko langa gainditu zuen parte-hartzeak iaz, eta aurten ez da laurehunera ailegatzen, oraingoz –nahiz eta egunotan mugimendua izatea espero duten–; eta Antzuolan, benjaminetan lau talde izatetik bi izatera igaroko dira, eta alebinetan ez da talderik osatuko –hiru zeuden joan den ikasturtean–.

GERORA ERE HERRIAN PRAKTIKATU AHAL IZANGO DITUZTEN KIROLAK JASOTZEN DITUZTE PROGRAMEK

Askotariko kirolak jasotzen dituzte programek; gehienetan, hori bai, gerora ere herrian bertan praktikatu ahal izango dituztenak. Horregatik, ohikoagoak direnez gain –eskubaloia, futbola, saskibaloia...–, irristaketa edota piraguismoa ezagutzeko aukera emango die eskola kirolak haurrei Bergaran, eta errugbia, aikidoa eta judoa, besteak beste, Leintz bailarakoei. Aste barruan bina entrenamendu saio egingo dituzte Bergarakoek, Elgetakoek eta Leintzekoek, eta bana Antzuolakoek eta Oñatikoek; eta asteburua ailegatuta, guztiek izango dute hitzordua, izan kirol horiek jolas eran praktikatzeko edo lehiaketak jokatzeko. Horixe izango da Oñatiko berrikuntzetako bat: lehia txertatuko dute asteburuko saioetan.

Babes zabala

Egoera berria izatera, ezohiko lanketa ekarri du eskola kirolaren 2025-2026ko ikasturteak. Eskola Kirolaren Herri Ituna sinatu dute, Bergaran. Herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxeek, kirol elkarteek eta Udalak sinatu dute, "haurren eta nerabeen garapen integrala eta osasuntsua sustatzeko helburu argiarekin". "Azken urteetan garatu den multikirol eredua indartzen jarraitzeko borondatea" adierazi dute; eta gaineratu hastapen kirol politika ez dutela kirol eragileekin elkarlanean soilik eraikiko, "Udaleko beste sailekin eta herriko bestelako eragileekin batera baizik".

Aramaio, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako udaletako, ikastetxeetako, kirol elkarteetako eta Leintz Eskola Kiroleko ordezkariak, bestalde, Leintz Bailarako Kirol Hastapen Mahaia eratu zuten uztailean, "eskola kirola kirol jarduera soil gisa ulertzetik harago, hezkuntza-proiektu baten osagarri bezala ulertzeko helburuarekin. Berrikuntza nagusia da, orain arte ez bezala, eragile horiek guztiak bilduko garela, batera lan egiteko; oso aberasgarria da iritziak eta kezkak elkarbanatzea. Gainontzean, funtzionamendu berdinarekin jarraituko dugu; eskola kirolean sinisten dugu eta aldaketa hau erronka berri bat bezala hartzen dugu", adierazi dute LEKeko ordezkariek.

INKLUSIOA, BERDINTASUNA, ELKARLANA ETA EUSKARA JARRIKO DITUZTE ERDIGUNEAN

Inklusioa, berdintasuna, elkarlana eta euskara jarriko dituzte erdigunean, batean zein bestean, eta baita Oñatin ere; astean batu dira azken horretako hiru ikastetxeetako ordezkariak eta Udaleko Kirol teknikaria, eta ardura bat partekatu dute: "Kalitatezko kirol hastapen eredu bateratua eskaini behar dugu herrian, eta badakigu hori ez dela bakarrik lortzen. Ezinbestean Aloña Mendi Kirol Elkartearekin eta Udalarekin elkarlanean eraiki beharreko etorkizuneko eredua izatea espero dugu. Eskola kirolak herri osoaren babesa behar du. Aukera paregabea dugu aurrean eredu eder bat guztion artean eraikitzeko".

Zergatik da garrantzitsua eskola kirola?

 

Julen Perales, Leintz Eskola Kirola:

"Lagun guztiek elkarrekin parte hartzeko eta ikasteko aukerak eskaintzen dituelako; eta gaitasun fisikoez gain, sozialak, emozionalak eta mentalak garatzeko testuinguru bikaina delako".

 

Rosa Lasagabaster, Oñatiko Udaleko Kirol teknikaria:

"Ohitura osasuntsuak sustatzen dituelako. Gainera, dituzten gustuak eta gaitasunak identifikatzen laguntzen die neska-mutikoei, etorkizunean kirol ibilbide egokiagoa hautatzeko".

 

Iñaki Ugarteburu, Bergarako Udaleko Kirol zerbitzuburua:

"Frogatuta dago espezializazio goiztiarra ez dela ona umeentzako. Gainera, pilota eskuarekin, erraketarekin edo hankarekin mugituz, uretan murgilduta ibilita... esperientzia aberatsagoa jasotzen dute, askoz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak