Hiru greba egun gehiago deitu ditu ELAk Gipuzkoako erresidentzietan

Goiatz Arana Begiristain 2025ko ira. 22a, 12:00

Eguazten, eguen eta egubakoitzerako egin ditu deialdiak, "hitzarmen berriaren negoziazioa blokeatuta" dagoelako.

Hitzarmen berriaren aldeko borrokan, sei greba egun daramatzate Gipuzkoako adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan, eta beste hirutarako dei egin du ELA sindikatuak –sektoreko %60ko ordezkaritza du–; LAB ere atxiki da deialdira. Urtarrilean hasi zituzten hitzarmen berri baterako negoziazioak patronalekin, eta "aurrerapausorik ezaren sentsazioa" dutela dio ELAk. "%100eko lan-jardunaldia duten kontratuak" eskatzen dituzte langile guztientzat, "soldata-arrakala amaitzea" eta "asteko 32 lanordu ezartzea".

Mobilizazioak antolatu dituzte datozen hiru greba egunetarako. 24rako manifestazioa deitu dute, Donostian, Gipuzkoa plazatik irtenda, 11:00etan. 25ean, eskualdeen txanda izango da; Debabarrenean eta Debagoienean, auto-karabana egingo dute, goizean zehar. Eta 26an, "Zinemaldiaren testuingurua aprobetxatuz", Zaintzaldia deituriko film laburra emango dute, Katalunia plazan.

Eragina Debagoienean

"Greba deialdiak izango du eragina Debagoieneko erresidentzia eta eguneko zentroetan, nahiz eta zerbitzu minimoek baldintzatutako greba izan. Egun horietan, erabiltzaileentzako arreta zuzena suposatzen duen zerbitzua emango da, baina zenbait jarduera bertan behera geratuko dira, eta kaleak hartuko ditugu, patronala zein diputazioa presionatzeko helburuarekin", azaldu dute sindikatutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak