Makina-erreminta, doitasun tresnak, automatizazioa eta industria digitalizazioa ditu ardatz Alemaniako EMO Hannover azokak. Aurten, 1.500 enpresa baino gehiago espero dituzte – makina fabrikatzaileak eta osagaien hornitzaileak, besteak beste–, eta euskal ordezkaritzarik ez da faltako oraingoan ere: hemeretzi erakusketari joango dira, esaterako, Gipuzkoatik, eta hiru, Debagoienetik. Arrasateko eta Eskoriatzako Fagor Automation eta Bergarako Soraluce kooperatibak eta Arrasateko Arralbe Tooling SL dira edizio berri honetan izango diren bailarako enpresak. Euren teknologia adimendunen berrikuntzak aurkezteko aukera izango dute, bost egunez; gaur irekiko ditu ateak azokak, eta egubakoitzean, itxi.
1969. urtetik
Soraluce etengabe izan da EMOn, 1969. urtetik. Esperientzia horietan euren "marka nazioartean sendotzeko aukera" izan dute, "produktu berriak aurkeztu" dituzte eta "sare komertzial berriak ezagutu" dituzte: "Zalantzarik gabe, parte-hartzeak fruitu ugari eman ditu, gure nazioarteko presentzia indartu du, eta, aldi berean, negozio- eta salmenta-aukera ugari sortu dira", adierazi du Rafael Idigoras zuzendari nagusiak. Halakoetan egotearen garrantzia azpimarratu du, "enpresaren soluzio berriak erakusteko eta merkatuari ekarpena egiteko aukera ematen" duelako, batetik; eta bestetik, "sektoreko joera eta berrikuntzak ezagutzeko aukera eskaintzen" duelako.
Oraingoan ere, bere azken berrikuntzak aurkeztuko ditu Soralucek, bereziki, fresatzeko teknologiari lotuak: "Besteak beste, gantry motako gama berri bat, bost ardatzeko buru berria, eta zutabe mugikorreko fresatzeko makina belaunaldi berria erakutsiko ditugu –inoiz baino sendoagoa, zehatzagoa eta adimentsuagoa–. Horrez gain, sektore aeroespazialerako eta automatizaziorako soluzio berriak ere eramango ditugu, gure bezeroei balio erantsia eskaintzeko helburuarekin", azaldu du Idigorasek. Fresatzeko pabiloian egongo dira, stand propioarekin, euren "identitatea eta gaitasunak indar handiz erakusteko", EMO "makina-erreminta sektoreko azoka garrantzitsuena" delako.
Lehen aldiz
Bestelakoa da Arrasateko Arralbe Tooling SLren kasua; lehenengoz izango da Hannoverko azokan. Hori bai, stand propioa izango du horrek ere: "Fabrikatzen ditugun produktuak mekanizazio eta aeronautika sektoreetarako metal gogorreko ebaketa-erremintak dira: hala nola, zulagailu-puntak eta fresatzeko ebakitzaileak. Gure erreminta garrantzitsuenen lagin nahiko adierazgarri bat eramango dugu", azaldu du enpresako bazkide Amaia Arroitiak. "Merkatu nahiko nazioartekoa dugu, eta interesgarria da bezero zein hornitzaileak pertsonalki ezagutzea eta loturak sendotzea, baita gure merkatua zabaltzea ere, bai Europan bai kanpoan. Gure ibilbideak merkatu honetan lehiakorrak izan gaitezkeela sinetsarazten digu, eta gisa honetako azokak aukera paregabea dira ezagutzera emateko", gehitu du. Begiz jota dute EMO, "Arralberen nazioarteko garapena indartzen lagunduko duten harreman berriak egiteko".
Hurrengoa, Donostian
Urriaren 29tik 31ra Donostian egingo den XXIV. Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina-Erremintaren Kongresua izango da hurrengo hitzordu garrantzitsua. Parte-hartzaileen artean izango da Debagoienetik joandakorik ere: Fagor Automation, Fagor Arrasate, Koniker, MUko Goi Eskola Politeknikoa edota Soraluce. "Fabrikazio aurreratuan eta makina-erremintaren arloan etorkizuneko aukerak lantzeko topagune nagusietakoa da", azaldu du Soraluceko zuzendari nagusiak.