Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinez Debagoienean izan da. Gontzal Tamayo eta Aritz Uriarte sailburuordeekin eta Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaorekin batera izan zen eskualdean, eguaztenean. Debagoieneko ESIko profesionalekin elkartu zen lehenengo: zuzendari gerentearekin, zuzendaritza medikoarekin eta gainbegiraleen taldearekin. Bileraren ostean, eskualdeko bi osasun-zentro bisitatu zituen: Debagoieneko ospitalea –eraikin berriko lanak barne– eta inauguratu berria den Aretxabaletako osasun-zentroa.
Eraikin berriko lanak
Eraikin berria egiteko Debagoieneko ospitalean martxan diren lanak aurrera doaz eta Osasun sailburuak aurreikusten du zentro berria 2027ko martxoan egongo dela martxan, "eskualdeko eta Gipuzkoako asistentzia-beharrei" erantzuteko. Lanen aurrekontua 27 milioi eurokoa da.
Ospitale berriak 8.800 metro koadroko azalera izango du, lau solairutan, beheko solairuan eta bi sototan banatuta. Azalera hori lortzeko, eraikin zaharra eraitsi eta alboko eraikina handitu egin behar dira. "Ospitale berria funtzionalagoa eta egungo asistentzia-premietara egokituagoa izango da, eta zerbitzu-zorroa handitu ahal izango da Bergaran, Arrasaten, Aretxabaletan, Elgetan, Angiozarren, Antzuolan, Oñatin, Leintz Gatzagan, Eskoriatzan eta Aramaion bizi diren 64.800 pertsonei hurbiltasun, kalitate eta irisgarritasun handiagoko arreta eskainita". Lanak amaitutakoan, Debagoienak erresonantzia magnetikoko gela bat hartuko du. Horrekin batera, eguneko ospitale mediko-kirurgikoa handitu egingo da, endoskopia zerbitzua emango duen digestio-aparatuko unitate berria sortuko da eta errehabilitazio zerbitzu berria ezarriko da. Gainera, aurreikusita dago Arrasateko Larrialdi Zerbitzurako base berri bat eratzea eta kanpo-kontsulten eremua handitzea. Ospitaleak, bestalde, ehun bat ibilgailurendako lurpeko aparkalekua izango du.
Baliabide asistentzial berri horren bitartez, Osasun Sailak eta Osakidetzak "beste urrats bat egin nahi dute Osakidetzak Debagoieneko eskualdean eta Gipuzkoa osoan eskaintzen duen asistentzia sanitarioa hobetzeko. Gainera, guztientzako hurbileko eta kalitatezko arreta irisgarrian aurrera egiteko Osakidetzako zentroak eta egiturak hobetzeko, modernizatzeko eta egokitzeko Osasun Sailaren Esparru Estrategikoaren barruan hartutako konpromisoari erantzuten zaio".
Aretxabaletako osasun-zentroa
Osasun sailburuak Aretxabaletako osasun-zentro berria ere. bisitatu du. "Zentroa uztailean hasi zen lanean, Gipuzkoako 7.000 biztanle baino gehiagori zerbitzua emateko. Baliabide sanitario berri horrek bost milioi euro inguruko inbertsioa izan du; 21 kontsulta-gela ditu, eta horietan, familia medikuntzako eta erizaintzako zerbitzuez gain, beste batzuk ere egongo dira; adibidez, pediatriako arloa. Gaitasun asistentziala nabarmen handituko duten 2.000 metro koadro erabilgarri baino gehiago ditu guztira, aurreko instalazioen espazioa laukoiztuz", adierazi du Osasun sailburuak. "Gainera, osasun-zentro honek EAEko lehenengo zentro soziosanitarioa izango du. Osasun-zentroaren eraikin berriak lau solairu ditu, eta horietatik hiru arlo sanitariorako dira. Azkeneko solairua Udalaren gizarte-zerbitzuendako gorde da, eta, horrela, Osakidetzaren osasun-zentro gisa funtzionatzeaz gain, gizarte-zerbitzu horiek ere barne hartuko ditu, arreta integralagoa emateko prebentzioan eta pertsonarengan ardaztutako ikuspegiarekin".