1936ko irailaren 26ko arratsaldean sartu ziren tropa faxistak Arrasaten, Maala kaletik, tren-geltokiko bidetik. Portaloiaren aurrean zegoen Batzokian altxamenduko bi koloreko bandera eskegi zuten, eta 19:00etan, berriz, sutegiak piztu zituzten, ikurrinak, liburuak eta bestelako ikur errepublikanoak erretzeko. Intxorta 1937 Kultur Elkartearen hitzetan, horrela sartu ziren faxistak Arrasaten, duela 89 urte, eta data hori izango dute gogoan, beste urte batez, datozen egunotan, Egiarekin topaketak egingo baitituzte.
2023an egin zituzten lehendabiziko aldiz topaketak, eta "memoria historikoarekin zerikusia duten gaiak lantzea" dute helburutzat antolatzaileek, Juan Ramon Garaik, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideak, adierazi duenez: "Funtsean, gertaerak sozializatu nahi ditugu, eta horretan gabiltza buru-belarri: sozializatzen, sozializatzen eta sozializatzen. Izan ere, gaur egun frankisten jarraitzaile ugari daude euren errelatoa aurrera eramaten; horren aurrean, guk gureari eutsi behar diogu, gezurrek aurrera jarraituko baitute".
Munaortu eta Carrera
Intxorta 1937 Kultur Elkartea ez ezik, topaketen antolaketa-lanean aritu da Angiozar Bailarako Batzarra ere, eta han izango da, hain zuzen ere, lehendabiziko ekintza: Munaortuko bunkerra aurkeztuko dute bihar, hilak 20, Angiozarko San Migel Monte ermitan, 10:00etan hasita. "Bunker hori [1936ko] gerra denboratik dago; faxistek erabili zuten borrokarako, baina angiozartarrak behartu zituzten eraikitzera". Bada, horretaz guztiaz jarduteko hitzaldi bat egingo dute lehendabizi, eta ikus-entzunezko bat proiektatuko dute ostean: "Zazpi hilabeteko frontea egon zen Angiozarren eta Intxortan, eta bertako kontakizunak laburtuko dituzte". Amaitutakoan, ibilaldi bat egingo dute lubakietara; auzolanean garbitu berri dute, eta baita hainbat seinalizazio-poste eta informazio-panel jarri ere: "Taldekide batek espoleta bat aurkitu du asteon, bunkerraren aurrean!".
Hilaren 24an, eguaztena, izango da hurrengo ekintza: Hondarribiko gorria dokumentala ikusteko aukera, Kulturateko areto nagusian, 18:30ean. 1945eko urtarrilaren 16an Alcala de Henaresko (Espainia) hilerrian fusilatu eta hobi komun batean lurperatu zuten Jesus Carrera hondarribiarrari gertaturikoa du oinarri: "Komunista zen, Francoren aurka borrokatzen aritu zena klandestinitatean 1942tik aurrera, diktadura hiltzailea baitzegoen".
Ekitaldi nagusia
Hilaren 26an, egubakoitza, faxistak Arrasaten sartu ziren egunean, egingo dute topaketetako ekitaldi nagusia. Horretarako, Arizmendiarrieta plazan egingo dute lehen geldiunea: "Erregimen frankistaren azken fusilamentuaren 50. urteurrena dela eta, manifestu bat irakurriko dugu, eta lore-eskaintza egin ondoren. Txistulariak eta dantzariak ere izango dira, agurra dantzatzeko". 18:30ean izango da ekintza hori, eta Juan Arzamendi Musika Etxera joko dute ondoren, 19:00etan, Beste aldea. Gizona ez den hori ikus-entzunezkoaren emanaldira: Itziar Juaristik, Lorea Elorriagak eta Irati Alvarezek ondutako lana da, Mondragon Unibertsitateko ikasleek, topaketen antolatzaileekin batera: "Intxortako eta Elgetako emakumeen gerra denborako borroka du oinarri".
Lore eskaintza eta dokumentalaren emanaldia, ordea, ez dira egun horretako ekintza bakarrik izango, errezitaldi musikatua izango baita, 19:30ean, Maite Aristegiren, Hedoi Etxarteren eta Nati Roaren eskutik. "Zehazki, gutun bana irakurriko diete euren amandreei: Aristegik, Angiozarko Alejandra Zarraoari; Etxartek, Errekaldeko (Arrasate) Pilar Berezibarri; eta Roak, Arrasateko Florentzia Olazagoitiari". Garairen hitzetan, Zarraoak bi anaia zituen, eta biak hil ziren 1936ko gerran; Berezibarren familiak, berriz, "errepresio basatiena" jasan zuen; eta Olazagoitia, azkenik, Oiartzunen (Gipuzkoa) fusilatu zuten, eta oraindik ez dituzte haren gorpuzkiak aurkitu.
Egitaraua, egunez egun
Irailak 20, zapatua
10:00. Hitzaldia, Angiozarko San Miguel Monte ermitan.
11:00. Ibilaldia Munaortuko trintxeretara.
Irailak 24, eguaztena
18:30. Hondarribiko gorria dokumentala, Kulturaten.
Irailak 26, egubakoitza
18:30. Lore eskaintza, Arizmendiarrieta plazan.
19:00. Beste aldea. Gizona ez den hori dokumentala, JAMEn.
19:30. Errezitaldi musikatua, Maite Aristegiren, Hedoi Etxarteren eta Nati Roaren eskutik, JAMEn.