2019tik ez da Debagoienean 4x4 Trialeko txapelketarik egin, eta lur orotako ibilgailuen zaleak gogotsu zeuden. "Egia esan, zirkuituak oso sarbide ona dauka. Apotzagako lurretan badago ere, Aretxabaletatik dauka sarrera, GSR egoitza baino 100 metro aurrerago ezkerretara hartzen den porlanezko bidetik. Autoz joan daiteke goraino, eta bertan prestatuko dugu zirkuitua", dio antolaketa lanetan dabilen Xabi Oñederrak.
Zirkuitua egiteko Foru Aldundiak utzi dizkie lurrak: "Azkenekoz Deskargako saihesbideko lurrak bota zituzten hara, eta gero zuhaitzak landatu bazituzten ere, gehienak sikatu egin dira. Foru Aldundikoekin izan ginen bertan, eta lursailaren egoera ikusita eman digute zirkuitua jartzeko baimena. Ondo dauden zuhaitzak babestu egingo ditugu, eta proba egunaren ostean zirkuitua zegoen moduan utziko dugu; zuloak estaltzea da asmoa".
Ia 30 pilotu lehian
Antolatzaileek egun bakarra, gaurkoa –egubakoitza–, izango dute zirkuitua prestatzeko. "Egia esan, daukagun aurrekontu txikiarekin ahal duguna egingo dugu. Hondeamakina hainbat egunez bertan izatea garestia da, eta egun bakarrean prestatuko dugu dena. Asmoa da zazpi zona izango dituen zirkuitua antolatzea".
Txapelketan izena eman duten 28 pilotuetatik gehienak Euskal Herrikoak dira, eta tartean bada errioxarren bat edo beste ere. "Helburua ez da zonak azkar gainditzea, eta bai txukun. Trialeko autoaren atzera martxa sartzen duenak zigorra izaten du, baita zinta edo hesolak autoarekin ukitzen dituenak ere. Hala, seguruenik, pare bat kategoria jarriko ditugu, trialeko autoek duten prestakuntzaren araberakoak. Azken batean, aldaketa edo hobekuntza asko duten trialeko autoek abantaila izaten dute, baina jendeari gustatzen zaio lur orotako ibilgailu arruntekin jendea zer egiteko gauza den ikustea ere".