Ikerlanen bazkide erabiltzailea izango da Erreka

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 17a, 15:13

Joana Ibarretxe eta Adolfo Plaza, Ikerlanen instalazioetan eginiko ekitaldian. Irudia: Ikerlan.

Bi konpainietako lehendakarien arabera, bi erakundeen gaitasunak "sendotzeko" baliagarria izango da hitzarmena, eta elkarlanean aritzea dute helburu aurrerantzean ere. 

Ikerlan zentro teknologikoaren bazkide erabiltzailea izango da Erreka, "soluzio teknologikoen garapen bateratua bultzatzeko, sistema elektroniko txertatuetan, zibersegurtasunean eta sistema mekanikoetan lehentasunezko ikuspegia izanik". Antzuolako konpainia, horrenbestez, Ikerlanen egitura kooperatiboaren parte izango da aurrerantzean, eta, hala, "parte-hartze horrek dakartzan onurak" jasotzeko aukera izango du, zentro teknologikoaren hitzetan.

Joana Ibarretxek, Errekako lehendakariak, eta Adolfo Plazak, Ikerlanekoak, sinatu berri dute hitzarmena, zentro teknologikoaren Arrasateko instalazioetan. "Urteak daramatzagu elkarrekin lanean, eta ilusio handia egiten digu gure harremana sendotu ahal izateak, bazkide erabiltzaile izanda, eta gure aliantza indartu ahal izateak, ikuspegi estrategiko, teknologiko eta instituzional batetik. Gure ustez, Mondragon Korporazioko bi erakunderen arteko elkarlanaren arrakastaren beste erakusgarri bat da hau, elkarrekin hazteko aukera ematen diguna", adierazi du Ibarretxek, eta Plazak, berriz: "Ziur gaude baterako urrats berri honek bi erakundeen gaitasunak indartzea, gure loturak sendotzea eta epe luzeko ikuspegia partekatzea ahalbideratuko ditugula, bi erakundeen lehiakortasunari ekarpen esanguratsua egiteko".

Lankidetza, "sendotuta"

Sinatu berri duten hitzarmena "lankidetza historikoaren" ondorio dela diote Mondragon Taldeko bi konpainiek, eta "sendotu" egin dutela: "Lotura kritikoetarako soluzioak garatzeko, batez ere sektore eolikoan, petrolio eta gasaren sektorean eta aeronautikan". Are gehiago, nabarmendu dute akordio instituzional honek irekitzen duen etapa berriak "berrikuntza kolaboratiboaren aldeko apustu irmoa adierazten" duela. Hala, lankidetzan sendotzen jarraitzea dute helburutzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak