Durangoko Azokaren egitaraua osatzeko proposamenak aurkez ditzakete sortzaileek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 15a, 15:29

'Ahotsenea'-ko kontzertu bat, Durangoko Azokan. Irudia: Durangoko Azoka.

Urriaren 7a baino lehenago eman beharko dute izena diziplina anitzetako artistek. Horrez gain, zabalik da ikasleen goizean, DA!PRO topaketan eta Zu Non, Han DA! egitasmoan izen-ematea ere. 

Kultura arloan euskaraz diharduten sortzaileen ekarpenekin osatzen da Durangoko Azokaren egitaraua, antolatzaileek jakinarazi dutenez, eta aurtengo edizioan ere helburu dute "ekitaldi sorta aberatsa" eskaintzea; bada, horretarako, proposamenak aurkezteko izen-ematea ireki dute, urriaren 6ra arteko epearekin. "Gunez gune, diziplina anitzetako artistek aurtengo nobedadeen berri emateko aukera izango dute".

2025ean euskaraz kaleratutako lanak aurkeztu ahal izango dira Durangoko Azokan, honako gune hauetan: Ahotsenea-n, liburuak eta diskoak; Irudienea-n, ikus-entzunezkoak; Taiala-n, literaturaz aparteko lanak, euskara hutsezkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak: Szenatokia-n, dantza, antzerki eta bakarrizketak; Kabia-n, teknologia berriekin lotutako ekintzak; eta Saguganbara-n, haurrei zuzendutakoak. Horrez gain, aurten ilustrazioen erakusketa bat egingo da, azokako urteko nobedadeetan argitaratutako irudiak ikusgai jartzeko; interesa izanez gero, izena eman behar da.

Izen-emate gehiago

Durangoko Azokaren lehen egunean, abenduaren 5ean, egingo da ikasleen goiza, eta hara joan nahi duten ikastetxeendako ere irekita dago izen-ematea, urriaren 6ra arte. DA!PRO topaketan parte hartu nahi duten musikariek eta familia-ikuskizunak taularatzen dituztenek ere izena emateko aukera dute, eta Zu Non, Han DA! egitasmoan parte hartu nahi dutenek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak