Bizikletaz mugitu, autobusa hartu, autoa baztertu, alferrik ez kutsatu leloa aukeratu du Debagoieneko Mankomunitateak Mugikortasun Astea ospatzeko. Erakundeak emandako datuen arabera, "azterketek erakusten dute gurean egiten diren auto-bidaien %75 bailara barruko joan-etorrietarako izaten" direla, eta herritarrei gogora ekarri diete "euren eskuetan" dagoela "emisioak nabarmen jaistea, bailara barruko ohiko desplazamenduetarako garraio publikoaren zein bizikletaren erabilera lehenetsita".
Horiek horrela, Nola elektrifikatu nire bizikleta? ikastaro praktikoa antolatu du, biharko, Mankomunitatearen egoitzan, Arrasaten. Bina orduko bi saio egingo dituzte –09:30ean eta 12:00etan hasita–, euskaraz eta doan. Bestalde, hilaren 22an, Mugi txarteletan 20 euro kargatzeko hamar bonu zozketatuko dituzte; mugikortasuna.debagoiena.eus helbidean eman behar da izena.
Arrasate, Bergara eta Oñatiko udalek ere antolatu dituzte sentsibilizazio ekintzak datozen egunetarako, baita Gipuzkoako Foru Aldundiak ere. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Jarri zure bizikleta prest Mugirekin kanpaina abiatuko du astelehenean, eta eguaztenean iritsiko da Debagoienera: Arrasateko Biteri plazan –10:30etik 14:00etara– eta Bergarako Domingo Irala kalean –16:00etatik 20:00etara– furgoneta-tailer bat egongo da, bizikletak konpontzeko oinarrizko zerbitzua eskainiko diena Mugi txartel pertsonalizatua aurkezten duten guztiei. Hara joaten direnek, gainera, bi bizikletaren eta Mugi txartelerako 20 euroko baliodun 60 birkarguren zozketan parte hartuko dute.
Autobus-bidaien kopuruak, gora
Azahara Dominguez diputatuak adierazi du ingurumenerako eta osasun publikorako onuragarriak diren joan-etorriak sustatzea dutela helburu: bizikletaz, oinez nahiz garraio publiko bidez egindakoak, alegia. Azken horren erabileraren goranzko joera erakusten dute arlotik emandako datuek: 2024an, 5,5 milioi autobus-bidaia erregistratu ziren Debagoienean, 2023an baino %7,11 gehiago; eta aurtengo urtarriletik maiatzera bitartean, 2.353.910 izan dira egindako bidaiak. Kasu bietan, linearik erabilienak izan dira DO01 –Donostia-Bilbo–, DG05/DG45G –Eibar-Arrasate-Eskoriatza-Gasteiz–, DG10 –Bergara-Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatza– eta DO02 –Donostia-Gasteiz–. Linea batzuetan hobekuntzak egiten ari direla ere gogorarazi du Aldundiak: Elgetako Udalak eskatuta, adibidez, DG20Ek –Bergara-Elgeta– bi espedizio berri ditu, uztailaren 4a ezkero.
"Eskualde mailako aldaketak ikusteko zain"
Egindako urratsak txalotu ditu Debagoieneko Mankomunitateko presidente Dorleta Elkorobarrutiak, eta egiteke daudenak gogora ekartzeko aprobetxatu du: "Azken bi urteotan eskari bateratuak egin ditugu bailarako herrietako alkateok, baina ez dugu, oraingoz, eskualde mailako aldaketarik ikusten, eta beharrezkoa da. Zain jarraitzen dugu, itxaropentsu". "Zerbitzu segurua eta duina" aldarrikatu du, "denen inplikazioa" eskatu, eta "Debagoieneko mugikortasun diagnosi eta proposamen azterketa bideratzen hasita" daudela aurreratu.