Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako azken datuak aztertu ditu Ikuspegik –Immigrazioaren Euskal Behatokiak–. 2024ko urtarrilaren 1ean 62.870 pertsona bizi ziren Debagoienean, eta horietako 7.301 (%11,6) atzerrian jaio ziren. Gipuzkoako datuetara etorrita, biztanleriaren %13 zen atzerrian jaiotakoa eta EAE mailan biztanleriaren %13,3.
Banaketa geografiko horretan sakonduta, atzerritarren proportzio handiena hiru hiriburuek dute: Bilbo Handiak (%39,2), Donostiak (%15) eta Gasteizko kuadrillak (%14,7). Hiru hiriburuetako datuetatik urrun dago Debagoiena: EAEko biztanle atzerritar guztien %2,5 hartzen du bailarak.
Atzerrian jaiotako pertsonek eskualdeko biztanleria osoan duten pisuari dagokionez Debagoiena EAEko batez bestekoaren apur bat azpitik badago ere, %10eko langa gainditzen du. Hain zuzen ere, EAEko datua %13,3 da, Gipuzkoakoa %13, eta Debagoienekoa %11,6.
Goranzko joera
Migrazio fluxuak eskualdean izan duen bilakaerari erreparatuz gero, ikusten da azken bi hamarkadetan atzerrian jaiotako herritarren kopurua nabarmen handitu dela Debagoienean ere. 1998an, kolektibo hori biztanleriaren %0,1 zen eta gaur egun %11,6 da.
Emakume gehiago
Sexuaren araberako banaketari dagokionez, atzerrian jaio eta Debagoienean bizi den biztanleria honela banatzen da: %52,9 emakumeak eta %47,1 gizonak. EAEko batez bestekoak dira: %52,2 emakumeak eta %47,8 gizonak.
Oro har, sexuaren araberako banaketan dauden aldeak jatorrizko eremu geografiko desberdinak izatearekin lotuta daude, latinoamerikar jatorriko pertsonen artean emakumeen ehuneko handiagoa dagoelako, eta txikiagoa, berriz, Saharaz hegoaldeko Afrikakoen eta Magrebkoen artean.
Jatorrizko herrialde nagusiak
Hain zuzen ere, Latinoamerika da EAEn migratutako pertsonen jaiotza leku geografiko nagusia; hain zuzen ere, 2024an erkidegoan bizi ziren erdia baino apur bat gehiago (%55,5) Latinoamerikako herrialderen batetik iritsi ziren. Debagoieneko datuak ez dabiltza oso urrun. Latinoamerika da eskualdean bizi den biztanleria atzerritarraren jatorrizko eremu geografiko nagusia; %53,6. EAEko bataz bestekoa moduan, kopuru horretatik oso urrun, Afrika (%23,8) eta Europa (%11,2) dira hurrengo jatorri garrantzitsuenak, eta, ondoren, Asia (%10,8).
Jatorriaren gaian sakonduz eta jaiotza herrialde nagusietan arreta jarriz, 2024ko urtarrilean, Kolonbia da Debagoieneko atzerritarren jatorri nagusia –atzerritar guztien %14,9–. Latinoamerikaz harago, Maroko (%12) eta Pakistan (%8) daude.