Debagoieneko Antzerki Plataformak aurreko urteetan egin duen moduan, badu aurten ere antzerkia gustuko dutenendako, izan hasiberria edo aurrez ibilitakoa, antzerkigintzan trebatzeko tresnak erakusteko asmoa eta gogoa. Bada, zabalik dute 2025-2026ko ikasturterako izena emateko epea. Interesa dutenek haien webgunean dute eskaria egiteko bete beharreko inprimakia –Dap.eus–.
Debagoieneko herri guztietan
Urritik ekainera bitartean izango dira eskolak, ohi moduan, haurrentzako, gazteentzako eta baita helduentzako ere. Aurreko urteetatik taldeak sortuta dituzte Antzuolan, Arrasaten, Bergaran, Leintz Gatzagan, Oñatin eta Aramaion, eta formakuntza-eskola horiekin jarraitzeko asmoa dute DAPekoek, baina Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Elgetan talde berriak sortzeko gogoz daude, Debagoieneko herri guztietan egon dadin antzerkigintzarekin gozatzeko eta ikasteko aukera.
Formakuntzaz gainera, bestelako lan-ildo gehiago ditu plataformak; informazioa eskuragarri dago Dap.eus atarian.