Gurutze Gorriak eskola-materiala eman die gaur Debagoienean bizi diren eta zaurgarritasun-egoera dauden 216 ikasleri. Ekimen solidario hau Gurutze Gorriaren Elorregiko egoitzatik garatu da aurten ere, Gurutze Gorriko 13 boluntariok osatutako talde baten lanari esker. "Boluntarioak dira Gurutze Gorriaren jardueraren benetako motorra, eta, alde horretatik, beti ditugu ateak zabalik Debagoieneko gure egoitzara hurbiltzen diren pertsonentzat, bakoitzak ahal duen neurrian euren ekarpena egin dezaten", eskertu du Debagoieneko Gurutze Gorriko presidente Javier Igartuak.
Debagoieneko Gurutze Gorriaren ekimen solidario hau eskualdeko udalerri guztietako gizarte zerbitzuekin elkarlanean garatzen da. Laguntza horiek jaso ahal izateko, familia eskatzaileek Debagoienean bizi behar dute, lehen eta bigarren hezkuntzako mailetan matrikulatutako seme-alabak izan behar dituzte, euren zaurgarritasun egoera aitortua izan behar dute eta eskaera bat egin behar dute Gurutze Gorriak prestatutako online formularioaren bidez.
"Eskertzen ditugu Gurutze Gorriak Debagoienean urtean zehar jasotzen dituen dohaintza guztiak, bai eta loteria-txartelen erosketa ere, gure eskualdean horrelako ekimen solidarioak garatzea ahalbidetzen baitu", nabarmendu du Igartuak.
Gurutze Gorriak Debagoienean garatutako ekimenei eta laguntzeko moduei buruzko informazio gehiagorako honako bide hauek daude: Debagoieneko Gurutze Gorriaren Elorregiko egoitzara bertaratuta, 943 76 55 76 telefono zenbakira deituta edo altodeba@cruzroja.es helbide elektronikora idatzita.