Ikasturte berria hasteko prest daude ikastetxeak

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko ira. 4a, 13:24

Bergarako Aranzadiko LH-4ko ikasle batzuk, gaur goizean, ikasturteko lehen egunean.

Debagoienean guztira 8.067 ikaslek hasiko dute 2025-2026ko ikasturtea. Goiztiarrenak, gaur ekin diete ikasturte berriari, eta beste batzuk, aldiz, bihar edota astelehenean edo martitzenean hasiko dute ikasturtea.

2025-2026ko ikasturtean, Debagoienean, guztira 8.067 ikaslek hasiko dute ikasturtea; Haur Hezkuntzan 1.676k, Lehen Hezkuntzan 3.471k; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, berriz, 2.920k. Batzuek gaur, eguena, izan dute lehen eguna, beste batzuk, bihar edota datorren astean ekingo diote ikasturte berriari.

Askotariko erronkak

Eskola bakoitzak aurrez zehaztuta dituen metodologiak eramango ditu aurrera ikasturte honetan, eta askotarikoak dira bakoitzak dauzkan erronkak; esaterako, Arrasateko Herri Eskolak ikasturte honetan "aldaketa handia" izango duela esan du bertako zuzendari Iratxe Salaberriak: "LHko ikasle guztiek Erguinen hasiko dute ikasturtea, baina urtarriletik aurrera sei talde joango dira Arrasate Herri Eskolako Musakolako gune berritura. Musakolan HHko eta LHko umeak elkarrekin egongo dira, eta aldaketa izango da, orain arte hori ez dugulako bizi izan". Oñatiko Txantxiku Ikastolak, bestetik, zuzendaria eta zuzendaritza-eredua aldatu ditu, eta ikasturte honetan Izaskun Urteagak, Lierni Axpek eta Julen Alberdik estreinatuko dituzte zuzendari-lanak. "Gure hezkuntza-proiektua pertsona ereduan dago oinarrituta; barne-sendotasuna eta euskalduntasuna landuko ditugu bereziki horren barruan", diote. Bergarako Mariaren Lagundiko Nagore Murua zuzendariak, berriz, hau esan du: "Hezkuntza pertsonalizatu eta humanistikoan oinarrituta, ikaslearen onena azaleratzeko ardura dugu. Balioetan oinarritutako prozesu bat da, non ikasleek euren arrakasta pertsonala eta akademikoa lortzeko lan egiten dugun".

MUn, irekiera-ekitaldia bihar

Mondragon Unibertsitateak, Aretxabaletako campusean, bihar, egubakoitza, 12:00etan, egingo du ikasturte berriaren irekiera-ekitaldia, sortu berria den IdeiEnea laborategian. Unibertsitateko errektore Vicente Atxak hartuko du hitza, besteak beste. Huhezik 50 urte beteko dituela ere nabarmenduko dute bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak