Gernika-Palestina Herri Ekimenaren deialdiarekin bat egin dute Debagoienean ere, Palestinako herriaren aurkako genozidioa gogortu izanak "sumindu" egiten dituztela adierazita: "Gazako azpiegitura guztiak sistematikoki suntsitu ondoren, Israelek palestinar herriatarrak sarraskitzen jarraitzen du eta, gainera, gosez eta egarriz hiltzen, erortzear dauden ospitaleei sistematikoki erasotzen eta genozidio hau munduari transmititzen dioten komunikabideetako ehunka langile hiltzen". Hori dela eta, Israel eta Benjamin Netanyahu hainbat ekintza egitera "behartzeko unea" dela diote: "Berehalako su-etena aldarrikatzera ez ezik, negozioaren bideari ekitera, Gazatik erretiratzera, premiazko laguntza humanitarioa ez oztopatzera eta desnutrizioaren aurka borrokatzera, eta gutxieneko bizi baldintza duinak ziurtatzeko azpiegiturak berreraikitzera".
Horrez gain, Israelek ez ezik, gainontzeko herrialdeek egin dezaketenaz ere jardun dute mobilizazioen deitzaileek: "Europako Batasunak eta hura osatzen duten estatuek tresnak dituzte Israelgo Gobernuaren jarreran nabarmen eragiteko. Europako Batasuna eta bere estatu kideak dira Israelen lehentasunezko merkataritza bazkideak eta arma hornitzaile nagusietako bat". Tokiko erakundeek ere dinamika berean kokatu beharko luketela uste dute, eta, horrenbestez, gaur egun dituzten harreman instituzional, komertzial, kirolari loturikoak eta bestelakoak eten behar dituztela. Are gehiago, argi dute ekintzarako momentua dela: "Harreman komertzialak hautsiz eta Israel isolatzeko zigorrak abian jarriz. Hori ez egitea munduaren aurrean geure burua gutxiestea eta etorkizuneko belaunaldien aurrean erretratatzea bada".