Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziaren eskutik, martxan da Hazilan+ programan izen-ematea –presentzialki, Mankomunitatearen egoitzan, edo erregistro elektrikoan–, irailaren 19ra arte. Bailarako kualifikatutako langabeei zuzendutako laneratze programa bat da, "lanerako trebetasunak indartzeko prestakuntza eta praktikak eginda esperientzia profesionalari bultzada emateko aukera eskaintzen duena", eta bi fasetan dago antolatua: Aktibatu da lehendabizikoa, eta "zeharkako konpetentziak lantzeko tailerrak" jasoko dituzte parte-hartzaileek hilaren 29tik –orduan ekingo diote programari– urriaren 31ra bitartean; bigarrenean, berriz, praktika ordainduak egingo dituzte, "norberaren interesetatik abiatutako eskualdeko enpresetan", bi eta bederatzi hilabete bitartean.
Programan parte hartzeko bete beharreko puntuen berri ere eman du Mankomunitateak, honako hauek zerrendatuta: "Batetik, goi-mailako edo erdi-mailako ikasketak bukatu ondoren, lan bilaketa nondik hasi ez dakitenek har dezakete parte; bestetik, baita erdi edo goi-mailako izan eta langabezian egon ostean, lana lortzeko zailtasunak dituztenek ere; azkenik, esperientzia faltagatik lana bilatzeko zailtasunak dituztenek". Horrez gain, beste hiru baldintza bete behar dira: bailarako herriren batean erroldatuta egotea, langabezian egotea, eta erdi edo goi-mailako Lanbide Heziketako zikloa, unibertsitate-gradua eta unibertsitate-ondokoa amaituta izatea.
Informazio saioa, hilaren 11n
Programaren berri emateko eta parte hartu nahi dutenen zalantzak argitzeko informazio saioa egingo dute hilaren 11n, eguenean, 10:00etan, Mankomunitateak Arrasaten duen egoitzan. Izena ematea komeni dela azaldu dute antolatzaileek, telefonoz edo emailez.