Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak "irmoki" salatu du Eusko Jaurlaritzak herri ekinaldi legegilea tramiterako onartzearen aurka egindako txostena, eta "gobernuaren jarrerari buruz ditugun itxaropen txarrenak betetzen" ari direla adierazi dute ohar bidez. Iazko irailean aurkeztu zuen herri ekinaldia pentsiodunen mugimenduak, eta ordutik batutako 145.142 aurkeztu dituzte pentsio txikiei osagarria emateko eskatzeko –Debagoienean 5.835 sinadura batu dira–.
Jaurlaritzak herri ekinaldiaren aurka aurkeztutako txostenaren aurrean, EHPM-k adierazi du "inolako zehaztasunik eta daturik gabeko txosten politikoa" dela eta Eusko Jaurlaritzak "agerian" utzi duela "demokrazia eta justizia soziala indartzeari buruzko diskurtsoak propaganda hutsa baino ez direla".
Proposamena ez da "beharrezkoa"
Eusko Jaurlaritzatik adierazi dute EHPM-k egindako proposamena ez dela "beharrezkoa eta egungo Diru Sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemaren (DSBIESL) koherentziaren aurkakoa" dela. Hala, adierazi dute "pentsioak jasotzen dituztenentzako babesa dagoeneko sisteman txertatuta" dagoela: "2008az geroztik, Euskadik diru sarrerak bermatzeko eredu propioa du, gutxieneko errenta duina bermatzen dituena, eta pentsiodunentzako neurri espezifikoak jasotzen ditu".
Bestalde, Jaurlaritzak azpimarratu du "estatuari dagokiola pentsioen balizko hobekuntza orokorrak egitea, eta euskal sistemak, berriz, gizarte babesa asistentziatik bermatzen duela". Era berean, herri ekinaldia aplikatzeak "euskal finantza publikoentzako egiturazko gastu jasanezina ekarriko lukeela" ere adierazi dute. Zentzu horretan, EHPM-k zera erantzun du: "Eusko Jaurlaritzak dio pentsioak osatzea Estatuari dagokiola, baina horrek esan nahi du Autonomia Estatutuan aurreikusitako eskumen baten utzikeria nabarmena dela. Gainera, onartezina da pentsiodun prekarioenentzat baliabide ekonomikorik ez dagoela esatea, enpresa handientzat itzuli beharrik gabeko ehunka milioi euro banatzen diren bitartean".
Egoera salatzera kalera
Irailaren erdialdean abiatu behar zituzten Debagoieneko herrietako pentsiodunek ohiko elkarretaratzeak, baina Jaurlaritzak argitaratutako txostena salatzeko asmoz, irailaren 8ra aurreratu dute data. Ibarreko plaza guztiak betetzeko asmoa dutela jakinarazi dute bailarako pentsiodunek.