Euskara ikastea "doakoa eta irisgarria" izan behar dela aldarrikatu du AEK-k

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 2a, 16:54

AEKren 2025-2026 ikasturteko matrikulazio kanpainaren aurkezpena, Gasteizen. Irudia: AEK.

Euskara eroso ikasi eta bizi lelopean, 2025-2026 ikasturteko kanpainaren berri eman dute AEK-ko ordezkariek, izen-ematea zabalik dagoela jakinaraztearekin batera; eskaintza "egokitua" dute. Korrikaren 24. edizioaren lehen azalpenak ere eman dituzte.

Euskara ikastea "doakoa eta irisgarria" izan behar dela aldarrikatu du AEK-k matrikulazio kanpaina aurkezteko Gasteizen eginiko agerraldian: "Helduen euskalduntze-alfabetatzea estrategikoa da euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan, eta herritar denek dute euskaraz jabetzeko eskubidea eta ardura komunitarioa. Hori horrela, euskalduntze-prozesu osoan doakotasuna ezarri behar da euskara ikasteko eskubideari egoki erantzuteko, eta ezagutzaren beharra sozializatu behar da". Halere, AEK-ko Nazio Kontseiluko kideek aitortu dute "oso era positiboan" baloratzen dutela doakotasunaren bidean eginiko azken urratsak: "EAEn B2 mailara arte matrikularen dirua berreskuratu daiteke, eta ikasturte honetan A2n matrikulatuko direnek ere diru gutxiago aurreratu beharko dute, HABEren sustapenari esker. Hortaz, EAEn A1n, A2n eta 16-18 urteko gazteek C1en merkeago izango dute matrikula. Nafarroan, ildo horri jarraituz, A1ekoek %100 arte berreskuratu ahalko dute. Ipar Euskal Herrian ere formaziorako aukera eskaintzen dute enpresek, eta langileek doan dituzte euskara-ikastaroak".

UEMArekin egin duten hitzarmena "azpimarratzeko eta balioesteko" ere probestu dute unea kontseilukideek, AEK-k hainbat ikastaro eskainiko baititu UEMAko hainbat udalerritan, "eskolan bertan eta doan, euskaraz ez dakiten gurasoen beharretara egokituta"; izan ere, ikastaro horien xedea euskaraz ez dakiten guraso horiek euskara "modu praktikoan eta eraginkorrean ikastea" da, euren seme-alabak eskolan dauden bitartean.

Eskaintza "egokitua"

Ehun euskaltegi baino gehiago ditu AEK-k Euskal Herri osoan, eta ikasleen "beharrezinetara egokitua" dute eskaintza, azaldu dutenez: "Ordutegiak, modulazioak, mailak... Euskara-eskolak ematen ditugu enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta abarretan ere. Pantailen beste aldetik ere nahi duen orok euskara eroso ikasteko aukera du (…) Erabilerarako aukerak ere eskaintzei ditu; honako hauek, besteak beste: Aizu! aldizkaria, euskaraz irakurtzeko; Praktikaturen eskaintza, giro atseginean egiteko mintzapraktika; eta Ahize aholkularitzaren laguntza, lan-esparruan euskara normalizatzeko".

Informazio guztia AEKren webgunean dago kontsultatzeko eran, eta baita AEK-ko euskaltegietan ere.

Korrika, 2026an

Ikasturte honetan izango da Korrikaren 24. edizioa, AEKren eskutik, eta "askorik" aurreratu ezin dezaketen arren, hiru gauza esateko aprobetxatu dute gaurko aukera: "Bat: iaz hasi ginen 24. Korrika antolatzen, eta ilusioz beterik eta gogotsu gaude edizio berrirako. Bi: 2026ko martxoan izango da. Eta hiru: Korrikaren 24. edizioak sentiaraziko du euskara aterpe ireki eta erosoa dela herritar guzti-guztiontzat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak