Euskarazko A2 maila lortzea ia doakoa izango da 2025-2026 ikasturtean, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Haren hitzetan, ikastaroa "doakoa" izango da, eta ikasleak "matrikularen zati txiki bat soilik ordainduko du ikasturtearen hasieran, maila egiaztatzerakoan berreskuratzeko aukerarekin". Hala, Jaurlaritzak asmo du "euskara ikastea errazagoa eta guztientzat eskuragarria izatea".
Jaurlaritza pixkanaka ari da doakotasunean urratsak egiten, aurrez beste batzuk eginak baititu: A2 maila ez ezik, datorren ikasturtean ere ia doakoa izango da euskaraz ikastea A1 mailan, A2 mailako baldintza berberetan. Eta baita C1 mailan ere, adin tarte batendako: "16-18 urte bitarteko gazteen euskarazko komunikazio-gaitasuna hobetzeko ikastaroa doan. Ikasleak ikasturte hasieran matrikularen zati txiki bat soilik ordainduko du, maila egiaztatzerakoan berreskuratzeko aukerarekin".
Gainontzeko mailak
Oinarrizko mailak (A1 eta A2) eta C1 izan ditu gogoan oraingoan Jaurlaritzak, baina ohartarazi du gainerakoetan ere euskaltegietako ikasleek "matrikularen doakotasunerako ohiko dirulaguntza lerroetan" parte hartzeko aukera izango dutela: B1 eta B2 mailetan, esate baterako, ikasleek ikastaroa ordaindu beharko dute hasieran, baina euskaltegiko ebaluazioa edo egiaztatze-azterketa gaindituz gero, hasieran ordaindutakoa itzuliko zaie; horrela izango da C1 mailan diharduten 16 eta 30 urte arteko herritarrendako ere. Horrez gain, ikastaroaren zati bat diruz lagunduta egongo da C1 mailan diharduten 30 urtetik gorakoendako, maila egiaztatuz gero, eta C2an dabiltzanendako.