Urtero moduan, sanbartolome jaiak ospatuko dituzte Zabaletan –Angiozar–, Mazmelan –Eskoriatza– eta Uribarrin –Arrasate–. Azken horri nekazal jaiak deitzen diote, eta zapatu goizetik murgilduko dira festan auzotarra. Ekitaldien artean, azpimarratzekoa da gaueko bertso saioa, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Maider Arregi eta Aitor Mendiluze arituko baitira Xabi Igoak jarritako gaiei erantzuten. Horren ostean, bolo txapelketa hasiko dute.
Zabaletako bolatokian ere jokatuko dute hiru txirloan, domekan, 19:00etan. Aurretik, eguerdiko luntxaz, auzo-bazkariaz eta erromeriaz gozatuko dute bertaratzen direnek.
Angiozartik Eskoriatzara salto eginda, Mazmela elizatean 11:30ean botako dute txupina. Ondoren trikitilariek girotutako hamaiketakoa, pilota partiduak daude programatuta, eta, azkenik, auzo bazkaria egingo dute Basauria elkartean.