1961ean Bergaran jaioa, ikasketak eta soldaduska amaitu eta berehala hasi zen lanean Deba Garaiko mankomunitatean. Bajak edota ordezkapenak zirela eta, gutxira hasi zen Antzuolako Udalean eta bertan arkitekto teknikoaren lanpostua irten zenean Moñuxek lortu zuen lanpostu hori.
Udaleko arlo teknikoa kontrolatzea izan da Moñuxen lana urte hauetan guztietan eta dio, bereziki, ekarpen handiena egin duela aholkulari bezala, izan erabaki administratiboak edo politikoak hartzeko. Hiru hamarkada eta erdi Udalean lanean eginda, Antzuolaren eraldaketaren lekuko pribilegiatua izan da Moñux.