Leintz Bailarako Kirol Hastapen mahaia eratu dute

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko uzt. 23a, 12:33

Leintz Bailarako Kirol Hastapen mahaia.

Udaletako, ikastetxeetako, kirol elkarteetako eta Leintz Eskola Kiroleko ordezkariek osatzen dute mahaia, eta eskola kirola dute oinarrian, "multikirolaren eredua sendotzeari babesa ematea" asmo izanik.

Leintz Bailarako Kirol Hastapen mahaia eratu berri dute, "urrats berritzaile bat" egiteko asmoz eskola kirolaren eremuan: "Mahaiaren oinarrian eskola kirola egongo da, oinarrizko programatzat. Multikirolaren bidez, haurrek hainbat kirol jarduera ezagutzeko aukera izango dute, euren gaitasunak eta interesak garatzekoa esperientzia aberasgarri eta anitz baten bidez. Elkarteek antolatzen dituzten talde kirol eta banakako kirolak osagarri izango dira, haur bakoitzaren garapen fisiko, sozial eta emozionala orekatua izan dadin".

Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udaletako, ikastetxeetako, kirol elkarteetako eta Leintz Eskola Kiroleko ordezkariek osatu dute mahaia, eta "kirol eskaintza osasuntsu, integratzaile eta hezitzailea" sustatzea dute helburu, multikirolaren eredua sendotzeari babesa emanez. "Asmoa argia da: multikirola indartzea eta erreferente bihurtzea haurrei zuzendutako kirol hastapenean". Haien hitzetan, "haur guztientzako aukera berdintasunean oinarritutako eskaintza bateratua eraikitzeko bidean" dihardute lanean: "Hezkuntza balioetan oinarritutako kirola da gure apustua: hezitzailea, euskalduna, anitza eta integratzailea".

Antolaketa, mahaiaren esku

Mahaia osatzen duten ordezkariek, multikiroleko jarduerei dagokienez, urteko programa bateratua adostuko dute, "talde kirolekin eta banakako kirolekin elkarlanean". Horrez gain, kluben arteko elkarlana sustatuko dute asteko saioetan eta asteburuetakoetan, "haurra erdigunean jarriz". Hori dela eta, herritarrak animatu dituzte eskola kirolean parte hartzera eta "umeei kirol bizipen aberatsak eskaintzen laguntzera".

Sinatzaileak: Aramaioko, Aretxabaletako, Arrasateko, Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako Udalak / Leintz Eskola Kirola (Aramaixo Herri Eskola, Arrasate Herri Eskola, Arrasate BHI, Arizmendi Ikastola, Kurtzebarri HLHI-BHI, Luis Ezeiza Herri Eskola) / Arrasateko Eskubaloia Elkartea, Arrasate Errugbi Taldea, Arizmendi Kirol Elkartea, Eskoriatza Kirol Elkartea, Mondra Futbol Elkartea, Mondrate Areto futbol Elkartea ,UDA Kirol Elkartea, eta Ointxe Saskibaloi Kirol Elkartea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak