Oporrak tarteko, odol-ateratzeak nabarmen jaisten dira udan eta nabaritu egiten da erabilgarri dauden odol erreserbetan. Une honetan erreserba maila ona dago B+, B- eta AB+ odol-motetan baina ez horrela 0+, 0-, A+, A- eta AB- odol-motetan.
"Odola urte guztian zehar behar izaten da, oporretan ere bai. Erreserbak behar dira eta dei berezia egiten dugu odol-ateratzeetara gerturatzeko. Gazteei, gainera, dei berezia egiten diegu; izan ere, odol-emaile gehienak adin batetik gorakoak dira eta erreleboa behar da", azaldu du Gipuzkoako arduradun Alaitz Zubiaurrek.
Odol-ateratzeak oporretan
Debagoienean egongo da odol-ateratzeak egiteko aukera hurrengo asteetan. Esaterako, Bergarako zaharren egoitzan abuztuaren 6an, Arrasateko Laubide plazan abuztuaren 8an eta 28an, eta Aretxabaletako herriko plazan abuztuaren 19an.
Beste edozein herritan ere atera daiteke odola. Noiz eta non izan daitekeen jakiteko zein txanda hartzeko gotatanta.eus webgunea kontsulta daiteke.
Plasma-ateratzeak
Plasma emateko aukera ere izango da hurrengo asteetan bailaran. Arrasateko ospitalean egingo dira ateratzeak abuztuaren 12an zein 26an. Informazio gehiagorako webgunean aurki daiteke.
Edozein zalantzan Donostian dagoen Gipuzkoako odol emaileen zentrora deitu daiteke: 943 31 70 91.