42 pilotu Eskoriatzako rallysprintean, bihar

Xabier Urtzelai 2025ko uzt. 18a, 08:00

Iazko rallysprinteko une bat, arratsaldeko txandan, Eskoriatzan.

Zapatuan 12:00etan hasiko dute lau txanda izango dituen lasterketa. Goizeko biak Aretxabaletan hasi eta Eskoriatzan amaituko dituzte, eta arratsaldekoek kontrako norabidea izango dute. Hamar debagoiendar izango dira irteera puntuan.

Zapatuan egingo dute Eskoriatzako laugarren rallysprinta, lasterketaz herriko kaleetan bertan gozatu daitekeen egutegiko hitzordu bakarretakoa. Eta hain zuzen, horrek egiten du Eskoriatzako lasterketa berezi, izan ere, Debagoieneko gainontzeko lasterketekin alderatuta –Aramaioko rallysprinta, Intxortakoa, Gorlako Igoera, edota duela urte gutxira arte antolatu izan dituzten Udanako Igoera, Leintz Gatzagakoa edota Udalako Igoera– herriguneetatik urrunduta zeuden. Eta Eskoriatzakoa ez, nahi duenak herrian bertan jarraitu dezake lasterketa, ez da ezinbestekoa Bolibarrera, Erañara, Letera edo Mendiolara igotzea. Iaz, esaterako, giro ederra izan zen Eskoriatzako Aranburuzabala eta San Juan kaleetan, bertatik irteten dira eta hirugarren eta laugarren txandak.

Iazko pilotu kopuru antzerakoa

Iaz Aitzol Apalantzaren eta Olatz San Miguelen Hyundai I20 R5 autoa izan zen azkarrena. "Jakinekoa da automobil azkarrena daukagula, baina horrek presioa ere badakar, eta gaur gustura geratu gara egin dugun lasterketarekin, beste pilotuak ere oso azkarrak direlako", adierazi zion orduan Apalantzak GOIENAri. Bada, bihar irteera puntuan izango dira ostera ere, eta eurak dira faborito nagusiak. Eskoriatzan lortzen duten bigarren garaipena izan zen iazkoa, eta hirugarren garaipenaren bila etorriko dira Apalantza eta San Miguel. Akatsen bat egiteko tarte txikia izango dute, baina, besteak beste, iaz podiumera igo ziren Gorka Idigoras eta Nerea Campos (Peugeot 208 Rally4) ere irteera puntuan izango direlako. Iaz 45 auto batu ziren irteera puntuan, eta biharko lehiakide kopurua ere antzerakoa izango da, aste barruan 42 lagunek eman dute eta izena, eta horietatik 10 izango dira debagoiendarrak –7 eskoriatzarrak izango dira–.

Lasterketa lau txandatan banatuta egongo da eta ibilbide berean Eskoriatza eta Aretxabaleta artean bi noranzkoetan jokatuko da. 12:00etan hasiko da lehen txanda, Aretxabaletan, eta bigarrena 13:10ean. Arratsaldekoak, Eskoriatzan, 15:30ean eta 16:40an hasiko dituzte. Sari banaketa, berriz, 18:30ean egitea aurreikusten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak