Irailaren 19tik 27ra bitartean egingo da aurten Donostiako Zinemaldia, eta debagoiendarren bi ekoizpen izango dira ikusgai. Batetik, Urrezko Maskorra irabazteko aukera izango du Aitor Arregi oñatiarrak, Jose Mari Goenagarekin batera, Sail Ofizialean arituko baitira beste ekoizpen batzuekin lehian Maspalomas filmarekin. Bestetik, Asier Altuna bergararraren Karmele filma ere Zinemaldiaren 73. edizioko protagonistetako bat izango da, lehiaz kanpoko Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan estreinatuko baita.
Moriarti ekoiztetxearen fikziozko lan bat da, hain zuzen ere, Maspalomas, eta Jose Ramon Soroiz aktoreak gorpuzten duen Vicenteren istorioa kontatzen du. Egileen esanetan, adineko pertsona bat da Vicente, homosexuala, baina zaharren egoitzan sartzerakoan "armairura itzultzeko" erabakia hartzen du. "Konfinamendu psikologikoei –eta fisikoei– buruz hausnartu nahi duen filma da, ezabatutako identitateei buruz". Irusoin ekoiztetxearekin batera, Euskal Herriaren eta Kanariar Uharteen artean grabatu dute, eta Soroik ez ezik, Nagore Aranburuk, Kandido Urangak, Zorion Egileorrek eta Kepa Errasti aretxabaletarrak gorpuztu dituzte pertsonaiak.
Kirmen Uribe idazlearen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarritutako "drama historiko eta hunkigarria" da, berriz, Karmele, Karmele Urresti (Jone Laspiur) eta Txomin Letamendiren (Eneko Sagardoy) benetako bizitzetan inspiratua dagoena. Sinopsiak dioenez, Karmele eta haren familia Frantzian erbesteratzen dira 1936ko gerraren ondorioz, eta Karmelek erbesteko euskal enbaxada kulturalaren proposamena jasotzen du han, dantza- eta musika-ikuskizunen bitartez gerraren aurka borrokatzeko. Orduan ezagutuko du Txomin, eta, denboraldi batez Venezuelan bizi ondoren, etxera bueltatzen dira, "kendu zieten guztia berreskuratzeko esperantzarekin". Horretarako, Laspiurrek eta Sagardoik alboan izango dituzte Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran aktoreak.
Zinema-aretoetan estreinaldiak
Zinemaldiaren azkeneko egunetan, irailaren 26an, estreinatuko da zinema-aretoetan Maspalomas, eta geroago, berriz, Karmele: Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan ikusteko aukera izango da Donostian, baina urriaren 10ean iritsiko da zinema-aretoetara.