Ikasketa, sorkuntza eta elkarbizitza uztartuko dituzte Topakord topaketaren lau egunetan. Orkestra entseguetan hartuko dute parte, eta horrez gain, Dalcroze Metodoan oinarritutako gorputz-adierazpen saioak –Maite Bilbao irakaslearen eskutik–, jarduera kolektiboak, irteera kulturalak eta kontzertuak egingo dituzte ikasleek. Topaketako orkestrak Txaber Fernandez zuzendaria izango du gidari, eta musika klasikoa, tradizionala eta garaikidea uztartzen dituen "errepertorio zabala" landuko dute.
Eguneroko lanaz gain, publikoari irekiak izango diren hiru kontzertu emango dituzte, "proiektuaren aberastasuna eta aniztasuna" erakutsiz. Uztailaren 4an, egubakoitza, Mateja Zenzerovic akordeoi-jotzaile gonbidatuaren emanaldia izango da; Philip Glass, Mozart eta Joan Magrané-ren lanak interpretatuko ditu, besteak beste. Arantzazuko Santutegiko Hotelean izango da, 20:00etan.
Zapatuan, hilaren 5ean, Topakord Master-eko ikasleek egingo dute kontzertua. Parte-hartzaile bakoitzak Zenzerovic irakaslearekin landutako errepertorioa joko du. Arantzazuko Aterpetxean izango da hori, 20:00etan.
Eta domekan, uztailaren 6an, amaierako kontzertua izango da; topaketako orkestrak entseguetan landutako lanak aurkeztuko ditu. Gandiaga Topaguneko Oteiza Auditorioan egingo dute, 16:00etan.