Hainbat debagoiendar dabiltza Transpyrenees egiten

Xabier Urtzelai 2025ko uzt. 2a, 16:31

Mikel Aristegi, Transpyrenees-eko beste edizio batean, talde batetik tiraka.

Debagoieneko kirolari asko daude ultra distantzietako probetara harrapatuta, eta horietako batzuk egunotan egiten dabiltzan Transpyrenees ziklismo proban daude. Domekan hasi zuten non-stop lasterketa, eta Oñatiko Ekaitz Txintxurretari kilometro gutxi batzuk geratzen zaizkio Port de la Selvan helmugara iristeko. Dena ondo bidean 12.a izango da sailkapenean.

Batzuendako lasterketa da –helmuga bat eta sailkapen ofizial bat dago–, eta beste batzuek nahikoa izango dute lasterketa egitearekin, abentura bizi eta finisher izatearekin. Kontua da domekan 400 txirrindulari irten zirela Pasaitik Pirineoak bizikletan zeharkatzeko asmoarekin, eta azkarrenak, Anatole Naimik, 2 egun eta 7 ordu behar izan ditu 1.074 kilometro eta mendate amaigabeak izan dituen zeharkaldia egiteko (guztira 5 ordu egin ditu geldirik). Bada, dena ondo bidean, minutu gutxi batzuk barru amaituko du proba Ekaitz Txintxurreta oñatiarrak, 12.a helmugan, edo artikulu hau publikatu orduko helmugan izango da jada, bizikleta gainean 3 egun oso pasa eta gero –guztira 16 ordu egin ditu geldirik–.

Ez da debagoiendar bakarra, Gorka Nin, Mikel Aristegi, Igor Agirrezabal eta Iker Agirrebalzategi ere errepidean direlako, besteak beste –Aimar Lizarra erretiratuta dago–. Ikusteko dago horiek gaur bertan helmugara iritsiko diren ala atseden hartuko duten, orain momentuan (16:30) 130 kilometro falta zaizkie eta. Aristegi eta Agirrezabal, gainera, hirugarren doaz bikotekako sailkapenean.

Antolatzaileek aurten prestatu duten ibilbideak 1.074 kilometrotako luzera du eta 27.000 metroko desnibel positiboa. Guztira 34 mendate ditu, eta edizio honetako mendate gonbidatua Col du Portet (2.214m) da. Hala, parte-hartzaileek zeharkaldia hasten dute non atseden hartuko duten jakin gabe, eta helburua da kanpotik inork laguntzarik eman gabe Pirineoak zeharkatzeko kapaz izatea, ahalik eta lo gutxien eginda. Batzuek muturrera eramaten dute hori, eta beste batzuek lasaiago hartzen dute abentura, nahiz eta gehienez zazpi egun erabil daitezkeen. 

Hemen egin daiteke txirrindulari bakoitzaren jarraipena, zuzenean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak