Arrasateko gizonezkoen talde nagusiak ez du azken urteotan jokatu duen maila gorenari eutsiko, eta horrenbestez, maila galduko dute. Ez da erabaki erraza izan, seguru, eta gaur eguerdian bertan jakinarazi dute, ohar bidez, lehenago jokalariei azalpenak eman eta gero. "Hausnarketa sakon baten ondoren, klubak gizonezkoen 3. FEB mailan ez lehiatzea erabaki du. Kategoria honetan 11 urte egin ditugu -2014an lortu genuen mailaz igotzea- eta klubeko zuzendaritzatik adierazi nahi dugu hau ez dela agur bat, baizik eta hausnartutako etenaldi bat. Kategoria honek eskatzen dituen kirol bermeekin heldu ahal izateko etena izatea gura dugu. Gure oinarriak indartzearen alde egiten dugu, proiektu honi zentzua ematen diona zainduz: harrobia, formakuntza eta definitzen gaituzten balioak. Erabaki honek aukera ematen digu ahalegin eta baliabideak beste modu batera kudeatzeko: klubeko kide diren pertsonengana bideratu nahi ditugu, bereziki gure kirolari gazteengana. Hazten jarraitzen dugu, ilusio berrituarekin eta etorkizun sendo bat eraikitzeko konpromiso sendoarekin, gure nortasunari leial. Eskerrik asko gure ondoan izan zaituztegun guztiei. Gure eskerrik beroenak jokalariei, entrenatzaileei, familiei, babesleei eta erakundeei. Zuen babesik gabe hau guztia ez litzateke posible izango", adierazi dute klub moretik.