Euskadiko atleta azkarrena harrapatu du Calbanok

Xabier Urtzelai 2025ko eka. 30a, 11:18

Andoni Calbano, argazkiaren erdian, zapatuan Bilbon. Irudia: Eitb

Asteburuan jokatu dituzte Bilbon Euskadiko aire libreko txapelketak, eta bertan Andoni Calbano bergararra eta Eneko Carrascal arrasatearra nabarmendu dira, biek jantzi dute eta urrea. Calbanok, gainera, 100 metrotako errekorra berdindu du (10.29).

Aire libreko txapelketetan buru-belarri dihardute Andoni Calbano bergararrak eta Eneko Carrascal arrasatearrak –Maialen Axpe pertigista orkatilako ebakuntza batetik errekuperatzen dabil–. Eta Real Sociedadeko bi atleta debagoiendarrak nabarmendu dira Bilbon. Salto hirukoitzean Carrascal izan da Euskadiko onena (7,45) eta 100 metrotako lasterketan Calbanok irabazi du. Gainera, bergarrara 10.30eko langatik jaisteko kapaz izan zen, ehunen batengatik, eta marka horrekin (10.29) Euskadiko atleta azkarrena bilakatu da. 

Errekorra Ander Garaiarrekin partekatzen du

Euskadiko 100 metrotako errekorra (10.34) bi hamarkada luzetan egon da Orkatz Beitiaren eskutan. Ondarroako atletak 2002an ezarri zuen marka hori, Salamancan, eta duela hilabete batzura arte Euskadiko gizon azkarrenaren titulua izan du bizkaitarrak. Maiatzaren 31n, Anoetan, Oiartzungo Ander Garaiarrek bost ehunen gutxiago erabili zituen 100 metrotako lasterketa egiteko, eta gainera, erreferentziazkoa den 10.30eko langa gainditu zuen (10.29). Bada, errekor berri horrek denbora gutxi egin du Garaiarren eskuetan, joan berri den asteburutik aurrera Andoni Calbanorekin partekatu beharko duelako Euskadiko gizon azkarrenaren titulua. Bergarakoak korrika egiteko zapatuko baldintza onak aprobetxatu zituen erlojua 10.29koan geratzeko.

Sasoian daude, hitzordu handien zain

Azken hilabeteotako lana bere fruituak ematen dabilela erakutsi dute, horrenbestez, Calbanok eta Carrascalek. Hala, uztailaren 12an federazio autonomikoen arteko Espainiako Txapelketak jokatuko dituzte, eta abuztuaren 1etik 3ra bitartean izango dute aire libreko hitzordu handietako bat, Espainiako txapelketa absolutua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak