Lurraldebusek zerbitzua handituko du "Elgeta eta Bergararen arteko lotura hobetzeko"

Goiatz Arana Begiristain 2025ko eka. 28a, 13:18

Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek eta Elgetako alkate Ibon Unzetabarrenetxeak atzo arratsaldean egin zuten bilera, udaletxean. "Elgetan autobus zerbitzua hobetuko duten" bi espedizio berri iragarri zituen diputatuak.

Azaldu zuenez, datorren ostiraletik aurrera, uztailak 4, DG20E lineak (Bergara>Elgeta) bi espedizio berri izango ditu: bat, 8:30ean, Bergarako noranzkoan; eta bestea, 17:00etan, Elgetako noranzkoan. Linea eskaripekoa da, eta, beraz, bi espedizio berri horiek erabili nahi dituzten pertsonek aldez aurretik eskatu beharko dute, lineako gainerako zerbitzuekin egiten duten bezala.

Ezarriko diren bi espedizio berri horiekin, "pozik" azaldu zen Ibon Unzetabarrenetxea alkatea: "Aspalditik zegoen beharrari erantzutea da nahia. Lanerako, ikasteko edo gestioak egiteko nahiz gure inguruaz gozatzeko joan-etorriak erraztuko dira. Orain herritarrek bermatu beharko dute zerbitzu horren erabilera". Zentzu horretan, eskerrak eman zizkion diputatuari, "lortu dena lortu ahal izateko, erakutsitako elkarlanarengatik eta prestutasunagatik". Gaineratu zuen, bestalde, zerbitzu horrek Bergararekin duten lotura handituko duen arren, Elgetak badituela beste behar batzuk, Elorrioko lotura hobetzea, adibidez: "Zerbitzu hau aurrerapauso bat da, baina oraindik asko daukagu egiteko Elgetako garraio publikoa hobetzeko, eta hori lortzeko lanean jarraituko dugu”.

Azahara Dominguezek azaldu zuenez, "Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak eskualdeko errepide bidezko garraio publikoaren loturak hobetzeko Debagoieneko udalekin hartutako konpromisoaren barruan sartzen da zerbitzuaren zabalkuntza". Ildo horretan, adierazi zuen bere departamentua "gainerako udalek egindako eskaerak aztertzen ari" dela, eta "datozen hilabeteetan erantzutea espero" duela. "Gipuzkoako garraio publikoa inoizko aurrekonturik handienaz hornitu badugu, ematen dugun zerbitzua egunetik egunera hobetzen jarraitzeko da, gure herritarren benetako beharrei erantzuteko", nabarmendu zuen, eta eskerrak eman zizkion Elgetako alkateari, "elkarlanerako prest egoteagatik".

Zerbitzu bereziak herriko jaietan

Bestalde, diputatuak jakinarazi zuen Lurraldebuseko zerbitzu bereziak egongo direla herriko jaietan. Zehazki, uztailaren 4tik 5erako gauean, 00:00etan, 01:00etan eta 02:00etan irtengo dira autobusak, Antzuolatik; Bergaratik, 00:10ean, 01:10ean eta 02:10ean; eta 00:25ean, 01:25ean eta 02:25ean iritsiko dira Elgetara. Aldiz, Elgetako irteerak 00:30ean, 01:30ean eta 02:30ean izango dira.

Diputatuak eta alkateak dei egin zieten herritarrei, "zerbitzu berezi horiek aprobetxa ditzaten eta jaiez goza dezaten, modu eroso eta seguruan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak