Debagoieneko hiru herritan – Arrasaten, Oñatin eta Aretxabaletan– LGTBIQ+ kolektiboaren errealitatea jasotzeko diagnostikoak abian jarri dira azken hilabeteetan. Tokian tokiko udalek bultzatu dute prozesua, eta helburua da aniztasun afektibo-sexualaren eta genero-identitatearen inguruan herrietan dauden erronkak, gabeziak eta indarguneak identifikatzea, horien gainean politika publiko eraginkorrak eraikitzeko.
Diagnostiko lan horiek ikuspegi parte-hartzailetik egiten ari dira, herritarrekin, eragileekin eta LGTBIQ+ kolektiboko kideekin elkarlanean. Bi erakunde arduratzen ari dira gidaritza lan horiez: Sudergintza kooperatiba eta Eihera elkartea. Oñatin Sudergintza ari da prozesua gidatzen, Arrasaten Eihera, eta Aretxabaletan bi kooperatibek egiten dute elkarlanean. Sudergintza kooperatiba feminista da, berdintasunaren, bakearen, aniztasunaren eta bizikidetzaren alde lan egiten duena ikuspegi feministatik eta gatazka sozialen konponbide ez-bortitza ardatz hartuta. Eihera, berriz, eraldaketa feminista eta LGTBIQ+ prozesuak garatzen dituen kooperatiba da, ikuspegi intersekzionaletik eta komunitatearen ezaugarriei erreparatuta lan egiten duena.
Zuriñe Rodriguez (Sudergintza) eta Iñi Etxezarreta (Eihera) dira egin diren LGTBIQ+ diagnostiko horien arduradun nagusietakoak, eta, bien esanetan, "tokian tokiko errealitatearen ezagutza sendoa izatea izango dada benetako aldaketa eraginkorraren giltza".
Rodriguezek adierazi duenez, "diagnostiko batek ez du soilik argazkia eskaintzen; prozesuak berak kolektiboa aktibatzen du, testigantzak politizatzen ditu eta saretze prozesuak bultzatzen ditu". Aretxabaletako bi kolektibo aktiboen (Lohixak eta Atxabalta Harro) existentzia azpimarratu du, eta Oñatin talde motor dinamiko eta plurala izatea nabarmendu du.
Etxezarretak, berriz, azpimarratu du halako prozesuek ez dutela soilik aniztasuna aldarrikatzen, baizik eta arauek sortzen duten indarkeriaren aurrean interpelazio eta eraldaketa tresna izan beharra dutela: "Ez da aldarrikatzea ezberdinak garela, baizik eta arauen ondoriozko indarkeria salatu eta herria guztiontzat bizigarriago bihurtzea".
Lehen argazkia
Arrasaten diagnostikoa Kulturaten aurkeztu zuten, ekainaren 13an. Lehen emaitzak eta ondorio nagusiak publiko egin dira, baina hausnarketa eta ekintza planaren lanketa oraindik irekita dago. Bertan hamalau norbanakori egin zaizkie elkarrizketak edo formulario bidezko inkestak, eta hamaika eragilerekin bildu dira –hezkuntza, kirola, kultura...–. Gainera, Udaleko lau arlotako teknikariekin lan saioak egin dituzte.
Eva Abuin Arrasateko Udaleko Feminismoa eta LGTBIQ+ Saileko zinegotziak hauxe azpimarratu du: "Diagnostikoa lehen pausoa izan da, zor historiko bati heltzeko. Orain, bide-orri bat definitzeko garaia da, kolektiboarekin batera". Gainera, nabarmendu du horrelako prozesuak ez direla soilik LGTBIQ+ kolektiboarentzat: "Aurkezpenean 90etik gora izan ziren; kolektiboko kideak ez ezik, bestelako herritarrak ere bai. Denoi eragiten digula ikusarazi zen".
Arkaitz Agirrezabal Morbor taldeko kideak Arrasaten "bizi eredu normatiboaren presioa" nabarmendu du: "Heterosexualitatea eta genero adierazpen jakin batzuk normaltzat hartzeak beste errealitateak ikusezin bihurtzen ditu". Agirrezabalek azpimarratu duenez, "Arrasate herri aldarrikatzaile eta apurtzailea bada ere, zuzen izatearen arau soziala oso lotuta dago". Eta segurtasunik eza ez dela espazio fisiko jakin batzuekin lotzen, "baizik eta jarrera eta giro batzuekin", esan du.
Morborren esanetan, diagnostiko horrek "egungo egoeraren lehen argazki profesional eta sistematizatua eskaintzen du, bai kolektiboarentzat eta bai instituzioentzat". Horrelako prozesuek "kolektiboa politikoki aktibatzeko aukera ematen dute, eragileei ikuspegi hori euren eguneroko jardunean txertatzeko bidea zabaltzen diete, eta gizarte osoarentzako espazio bizigarriagoak sortzeko aukera ahalbidetzen dute".
Ikusgarritasunetik eraikitzen
Aretxabaletan 2024ko urrian abiatu zen diagnostikoa, eta gaur egingo da aurkezpen ibiltaria, herriko kaleetan zehar bost geldialdiko ibilbide batekin.
Herrian bi kolektibo aktibo daude: Lohixak eta Atxabalta Harro. Bi talde horiek, elkarlanean, diagnostikoaren parte-hartze prozesuan funtsezko rola jokatu dute, eta komunitatearen ahotsa eta beharrak lehen lerroan jarri dituzte. Etxezarretaren hitzetan, "bi kolektiboek egindako ekarpena funtsezkoa izan da, ez bakarrik parte-hartzea, baizik eta ikuspegia eta sentsibilitate soziala lantzerakoan ere. Herrian ikusgarritasuna ematen lagundu dute, eta prozesuaren oinarrian egon dira hasieratik".
Diagnostikoa Aretxabaletako II. Berdintasun Planaren baitan kokatzen da, eta helburu nagusia da herriko LGTBIQ+ komunitatearen errealitatea ezagutzea, espazio publikoaren erabilera, LGTBIfobiaren forma eta intentsitatea, aisialdiarekin duten harremana eta desiraren inguruko esperientziak aztertuz.
Ainhoa Sanchez Berdintasun Saileko zinegotziaren esanetan, "ezin da diagnostikoa kajoi batean utzi. Horrek izan behar du politika publiko eraginkorrerako oinarri sendoa".
Oñati, azken fasean
Oñatin diagnostikoa otsailean abiatu zen, azken fasean da eta emaitzak udazkenean aurkeztea aurreikusten dute. Rodriguezek azaldu duenez, "landa lana amaituta dago, eta orain materiala ordenatu, ondorioak finkatu eta neurriak proposatzeko unea da". Haren esanetan, prozesuak ikuspegi zabala du, eta kolektiboaren saretzea eta ikusgarritasuna indartzen lagundu du.
Izaro Elortza alkateak hauxe nabarmendu du: "Diagnostiko hori abiapuntu bat da. Errealitatea ikusteko eta herri bizigarriagoa eraikitzeko baliatu nahi dugu". Talde motor batek gidatu du prozesua, eta horrek parte-hartzea eta aniztasuna bermatu ditu. Haren esanetan, "prozesu horrek aukera eman du LGTBIQ+ kolektiboaren errealitatea gizartearen aurrean kokatzeko".
Debagoieneko ikuspegiari dagokionez, Elortzak azaldu du udalek duten rola guztiz funtsezkoa dela: "Garrantzitsua da norabide berean aritzea, eta udalok ardura berezia dugu horretan. Gertuko administrazioa garenez, aukerak ditugu politika eraginkorrak aplikatzeko".
Emaitzak jaso ondoren, diagnostikoaren emaitzetatik abiatuta neurri zehatzak definitzen ari dira. Helburua da herrian bizi den jendearen egunerokoa eraldatuko duten politikak diseinatzea eta aplikatzea, ikuspegi komunitarioa eta saretua sendotuz.
Harrotasunaren Eguna
Testuinguru horretan, bihar, ekainak 28, ospatuko da LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna. Bailarako herrietan mobilizazioak deitu dituzte, LGTBIQ+ kolektiboaren alde aldarrikatzeko. Hiru herrietako ordezkariek mezu argi bat bidali dute: "Harrotasuna ez da egun bateko aldarrikapena, baizik eta eguneroko borroka". Diagnostikoek erakutsi dute bidea zabaltzen ari dela, baina oraindik asko dago egiteko".
LGTBIQ+ politikak helburu
Oraingoz, Arrasatekoa da jendaurrean aurkeztu den herri mailako LGTBIQ+ diagnostiko bakarra. Askotariko norbanako, talde eta eragile elkarrizketatu dira eta hainbat behar, hutsune eta korapilo identifikatu dira. 73 orri ditu. LGTBIQ+ politikak garatzeko ekintzaplanak diseinatu beharko direla kontuan izanda, txostenaren azken bi orrietan sei lan-ildo nagusi jasotzen ditu. Hala, ezinbestekotzat jotzen da lan-munduan, hezkuntzan, kirol-esparruan zein kultura alorrean akuilu-lanak egitea, eta, horrekin batera, ikusgarritasunean eta erreferentzialtasunean eragitea.
Erreferenteak eta ikusgarritasuna
Gertuko erreferenteen faltak eta kolektiboak herrian okupatzen duen espazioa ikusirik, hiru lan-lerro proposatzen dira txostenean: lehenengoa da herrian dauden LGTBIQ+ pertsonen bizipenak, istorioak eta narratibak jasotzea eta memoria historikoaren baitan biltzea; horrekin batera, LGTBIQ+ errealitateak kale-iruditegian duen presentzia bermatzea eskatzen da, eta espazio publikoaren nozioa auzoetara eramatea eta auzoetatik ere pentsatzea.
Kultura, guztiontzat
Kultura arloari dagokionez, heteroarautik kanpo doan kultura zirkuitu bat sortzea eta LGTBIQ+ programazioa indartzea proposatzen dira. Aldi berean, festetan LGTBIQ+ komunitatearen ikuspegia txertatzea eta kolektiboaren behar eta desiretara egokitutako eskaintza egitea. Hirugarrenik, heteroarautik kanpo dauden gorputzen sarbidea sustatzea herrian garrantzi berezia duten kultura adierazpenetan eta ondarean.
Lan-arloko armairuak
Diagnostikoaren ondorioetako bat izanik lantokia dela LGTBIQ+ pertsonak armairuan mantentzen edo bertara itzultzen diren espazio nagusia, proposamen zentralak dira herriko enpresen artean LGTBIQ+ berdintasun planak sustatzea eta lanpostuetan eta zerbitzu publikoetan sentsibilizaziokanpainak egitea.
Kirol-esparrua
Kirol-esparruan gizonen futbol-giroa nagusitzen da eta LGTBIQ+ pertsonek ez dute espazio eroso gisa bizi. Irten diren ekimen proposamenak dira: klubekin sentsibilizazio-lana eta formakuntzasaioak egitea, kirol erakustaldietan LGTBIfobia adierazpen eta jarrerak mugatzea eta kirol instalazioetako aldagelen antolakuntza berrikustea eta berrantolatzea.
Hezkuntza
Txostenaren arabera, ohikoa da eskola garaia modu ez-atseginean bizi izatea, LGTBIfobiak indar erregulatzaile bereziki handia duen garaia delako. "Protokoloak garatu dira, baina sentsibilizazioa eta identifikaziorako gaitasunak bultzatu behar dira". Har daitezkeen neurrien artean daude hezkidetza eta LGTBIQ+ lanketak, kanpoformakuntzak eta irakasleek aholkularitzazerbitzua izatea. "Horrekin batera, hezkuntza ez-formala indartu beharko litzateke, esku-hartzeei balioa emanda eta LGTBIQ+ lanketa berezituetarako errekurtsoak ahalbidetuta".