Negoziaketan aurrerapenik ezean, egun guztietara luza daiteke Avanzako langileen greba

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko eka. 27a, 10:12

Avanzako langileek mobilizazio bat, ekainean. Irudia: Goiena.

Ekainaren 14an ekin zioten langileek asteburuetako greba mugagabeari, baina ez dira lehen mobilizazioak izan, beste hemezortzi greba egun eginak baitzituzten aurrez. Gipuzkoako Foru Aldundiari jasaten ari diren egoeraren konplize izatea leporatu diote.

Negoziaketan aurrerapenik ezean, asteburuetan egiten diharduten greba egun guztietara luza daitekeela ohartarazi dute Avanzako langileek, ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek, enpresa batzordea osatzen dutenek, atzo eginiko prentsaurreko batean jakinarazi zutenez. Urteko lanaldia 1.592 ordura jaistea dute aldarrikapentzat, honako egoera hau arrazoituta: "Lan-ikuskaritzaren ebazpen bat du enpresa-batzordeak, joan den martxoko data duena, eta ebazpen horretan aipatzen da enpresako zuzendaritza ez entzunarena egiten ari den aparteko orduen abusua. Donostia-Bilbo eta Gasteiz lineetako, Loiuko aireportuko eta Deba bailarako aparteko orduak ez dira legezkoak, eta zuzenbidearen arabera jokatu beharko lukete".

Gipuzkoako Foru Aldundia da, hain zuzen ere, emakidaren arduraduna, eta "Gipuzkoako Avanza enpresako langileek jasaten duten egoeraren konplize izatea" leporatu diote. Azaldu dutenez, 1.650 orduko jarduna dute egun, baina 1.870ekoa izatera irits daiteke: "Eta horri, gainera, egutegi gaizto eta ilegaletan metatutako aparteko ordu guztiak gehitu behar zaizkio". Horrenbestez, sindikatuek azpimarratu dute "etengabe urratzen" ari direla hitzarmena, Foru Aldundiaren eta enpresaren "erabateko immobilismoarekin".

Emakidaren luzapena

Egungo emakidaren indarraldia amaitu dela azaldu dute langileek, baina, nolanahi ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste bost urte luzatuko diola Avanzari, "baldintza berberetan, enpresak bere jarrerarekin jarrai dezan" bidea zabalduz. Hala, eskaria egin diote Diputazioari: "Lurraldebuseko langileen alde egiteko, eta 22 greba-egun dituen gatazka bati irtenbidea ematen inplikatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak