Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen kultura-proiektu bat da Dantz Point; hain justu, "ondareari balioa eman nahi diona musika elektronikoko eta garaikideko esperientzia artistikoen bidez".
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustatzeko eta Gazteriako zuzendari Isaac Palenciak ekimenaren balioa nabarmendu du "sorkuntza garaikideak ondarearekin nola hitz egin dezakeen erakusten duen adibide gisa, herritarren, artearen eta ingurunearen arteko harreman-modu berriak sortuz". Aurreko astean egindako aurkezpen-ekitaldian zera gaineratu zuen Palenciak: "Dantz Pointek pertsonak beren lurraldearekin konektatzen dituen kultura-sare bat ehuntzen jakin du, ikuspegi berritzaile, jasangarri eta irekitik, eta Gipuzkoak duen konpromiso bat berresten du: eraldatzen duen, parte hartzera gonbidatzen duen eta espazio publikoetan ere bizi den kultura batekiko duen konpromisoa".
Debagoienean, bi geltoki
Ekimena abiatu zutenetik, 110 Dantz Point baino gehiago egin dituzte, eta sei geltoki berri izango ditu aurten; horien artean, Bergaran eta Arrasaten. "Dantz Point 2025ak balio enblematiko, arkitektoniko eta natural handiko espazioetan egingo dira, herritarrak beren ingurunearekin konektatzeko, abangoardiako musika elektronikotik eta tokiko parte hartzetik".
Ekainaren 28an, zapatuan, egingo dute estreinakoz Dantz Point eskualdean: Bergarako Santa Ana parkean. "Bergarako erdiguneko birika berde bat da parke hori, ezin hobea musika eta paisaia-esperientzia bat bizitzeko. Ederos B2B Pa!n, Santa Klaux eta Anomalia B2B Murabe artistak izango dira taularen gainean".
Arrasateko Monterron parkean egingo dute Debagoieneko bigarrena, irailaren 20an, eta, oraingoz, Pizky eta BRGS artistak gonbidatu dituztela iragarri dute.