Ezagutza unibertsalizatzea eta erabilerarako baldintzak bermatzea, jauzia egiteko giltzarri

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko eka. 20a, 13:53

'Batuz Aldatu' akordioko Talde Eragileak gaur egin du agerraldia Miramonen.

Euskararen aldeko Itun Soziopolitiko berriaren edukiak zehazten aritu da urtebetez 113 eragilek sinatutako Batuz Aldatu akordioaren Talde Eragilea, eta jakinarazi du irailean aurkeztuko dutela proposamenen dokumentua, sinatzaileek ekarpenak egin eta onar ditzaten.

Euskararen normalizazio prozesuan urratsak egiten dabiltza gizarteko zenbait sektore, horren alde egin beharreko jauzian zer behar den identifikatu eta irudikatu nahian, eta horretarako giltzarritzat jo ditu Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako baldintzak bermatzea, horren inguruan "adostasun sozial handia" dagoela nabarmenduta, "Batuz Aldatu dinamikak erakusten duen bezala".

Kontseiluak eta Batuz Aldatu adostasun sozialaren Talde Eragileak gaur aurkeztu dituzte euskararen biziberritzearen aldeko Itun Soziopolitiko berriaren oinarriak, eta orduan egin ditu aipaturiko adierazpenak Idurre Eskisabelek, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Aretxabaletako Igor Arenaza (Athletic Club) eta Leire Alberdi (Euskal Kontsumitzaileen Alkartea) Talde Eragileko kideekin batera. Are, han izan da Aitziber Blanco ere, elkarrizketa prozesuaren dinamizatzailea.

Lanean "diskrezioz, baina etenik gabe"

Euskal Herri osoko eta askotariko 113 elkarte, fundazio, enpresa eta sindikatuk 2021eko ekainean aurkeztu zuten Batuz Aldatu: Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala, Kontseiluaren ekimenez, "euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan jauzi bat emateko beharra" dagoela aldarrikatuz, eta jauzi horren oinarriak zeintzuk ziren adieraziz. Orduko hartan jada ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako baldintzak bermatzea jo zituzten oinarritzat, "euskal gizartea euskalduntzeko norabidean jarriko den hizkuntza-politika berria" beharrezkotzat joz.

Sinatzaileen Batzarra egin zuten 2022an, eta aipaturiko akordio soziala "garapen politikoago batera eramateko konpromisoa" hartu zuen Talde Eragilea sortu zen, "euskarak behar duen jauzirako Itun Soziopolitiko berri bat osatzea" helburu. Ordutik, lau urte igaro dira, "ziurgabetasunak eta aldaketen abiadurak ezaugarritzen dituzten garaiotan denbora tarte handia", baina eragileak lanean aritu direla ohartarazi dute, "diskrezioz, baina etenik gabe: AEK, Agirre Lehendakari Center, Athletic Club Fundazioa, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Bizipoza Bilgunea, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Ikaskuntza, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa lan isilean aritu dira azken urtebetean hartutako konpromisoa bete eta euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari ekarpena egiteko borondatez".

Kontseiluaren hitzetan, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua "hizkuntza baten berreskurapenaz haragoko" zerbait da: "Eraldaketa soziala, elkarbizitzarekin, justizia sozialarekin, gizarte kohesioarekin, eta, funtsean, demokratizazioarekin lotutako prozesua". Hori dela eta, "hain ezberdinak eta anitzak" diren eragileekin lanketa hau egiteko bizikidetza arloan aditua den Aitziber Blanco aritu da bideratzaile lanetan. "Benetan elkarrizketa aberatsa sortu da parte-hartzaileen artean, xehetasun eta ñabardurez betea, eta euskararen normalizazioan aurrera egingo bada hizkuntza-politiketan egin beharreko jauziaren berme izango den itun soziopolitiko berriaren edukiak zehaztear gaude: estatusaren auzian, hezkuntzan, helduen euskalduntze eta alfabetatzean, eremu sozioekonomikoan... egin beharreko jauziaren oinarrien azken xehetasunak adosten".

Hala ere, Kontseiluak jakinarazi du irailera arte itxaron beharko dela proposamenak zeintzuk diren jakiteko, orduan aurkeztuko baitzaio dokumentua Batuz Aldatu-ko Sinatzaileen Batzarrari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak