Eguazten goizaldean 12 graduren bueltako tenperatura minimoak jaso ziren; Arrasaten, esaterako, 11,8 izan zen baxuena. Baina gero gora egin zuten termometroek eta 16:00etan erregistratu zen altuenak: 33,5 gradu Arrasaten eta 33,8 Elorregin. Gauean, gainera, kosta egin zaio jaistea eta, 22:00etan, oraindik 25 gradu zeuden; baxuenak goizean, 06:00ak bueltan, jaso dira: 17,9 gradu.
Iragarpena
Beroaldiak ez du etenik izango eta gaur, eguena, ordu gehienetan giro eguzkitsuak eta beroak jarraipena izango duela iragarri du Euskalmetek, maximoak pare bat gradu igo daitezkeela. Ezegonkortasuna, gainera, ere handiagoa izango da. Horregatik, arratsaldean bero-hodeiak ugaritu egingo dira eta leku batzuetan zerua lainotuko dute. Baliteke han-hemenka zaparrada trumoitsuak botatzea, batez ere hegoaldean eta mendebaldean. Zeruan hauts-gandua izango da.
Bihar, egubakoitza, antzeko tenperaturak espero dira, beroarekin jarraituz. Zeruan erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuk agertuko dira, hauts-gandua ere bai, baina giroa nahiko argia izango da.
Zapatuan, hauts-gandua izan daiteke. Zerua hodei gutxirekin egongo da: erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuekin barnealdean eta behe-hodeiekin kostaldean. Arratsaldean hodeiak ugarituko dira eta egunaren bigarren partean zaparrada trumoitsuak egin ditzake. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, eta arratsaldean ipar-mendebaldera
aldatuko da, bolada gogorrekin kostaldean. Dena den tenperaturan aldaketarik ez da espero.
Domekan, zerua hodei gutxirekin egongo da. Hego-osagaiko haize ahula ibiliko da, arratsaldean iparralderantz egingo du. Tenperaturan aldaketa handirik ez da egongo.
Beroaren aurkako plana abian
Jaurlaritzak abian du 2025eko Beroaren Aurkako Plana. Han jaso ditu besteak beste, beroak osasunean eragindako ondorio zuzenak, sintomak eta nola jokatu. Gomendioen artean honakoak daude:
- Arropa lasaitu eta arindu.
- Ura hurrupaka edan.
- Leku freskoa bilatu eta bertan egon.
- Tenperatura urarekin eta oihal hotzekin jaitsi.
- Osasun-laguntza bilatu, goragaleak agertzen badira, sintomek okerrera egiten
badute eta ordubete baino gehiago irauten badute, bai eta gaixotasun kronikoen
kasuan.