'Somnanbulu', 'tallarin' eta 'ejem', Euskaltzaindiaren Hiztegian bildutako forma berrietako batzuk

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko eka. 17a, 15:58

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren argitalpen zahar bat. Irudia: Euskaltzaindia.

Euskaltzaindiak sei hilabetean behin eguneratzen du hiztegia sarean, eta beste 774 forma jaso dituela jakinarazi du: 265 sarrera, 364 azpisarrera eta 145 ohiko lexia. Era berean, 1.636 forma zuzendu edo osatu ditu, eta hiru sarrera eta beste hiru azpisarrera hiztegitik kendu ditu.

Lo egonik, kontzientziaren jarduera eskatzen duten zenbait ekintza automatikoki egiten dituen pertsona da somnanbulu, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren hitzetan. Jateko pasta, eskuarki gari irinez egina, zerrenda luze eta zapal baten forma duena da, berriz, tallarin. Eta norbaiten arreta erakartzeko edo norbaitek esandakoaz halako zalantza erakusteko erabiltzen den hitza da ehem edo ejem: ejem, ejem, hobe pellokeriak albo batera uztea, esate baterako.

Hiru horiek dira, hain zuzen ere, Euskaltzaindiaren Hiztegian bildu dituzten forma berrietako batzuk, baina beste 771 izan zitezkeen, 774 jaso baitituzte guztira: meme, botox, derrapatu, saltsa bizkaitar, albariño, meza(ta)ko ardo, amigdalitis, ariketa fisiko, Gau Beltz, kuku bat egin, lanaldi partzial, haluzinagarri eta makiaveliko, besteak beste. Hala, forma berriak gehituta, guztira, 52.091 forma, 70.291 adiera, 116.226 adibide eta 519 esaera zahar dituzte jasota hiztegian

Handitze lanetan "etengabe"

Miriam Urkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren zuzendariak, adierazi du "dagoeneko oinarri sendo samarra" dutela hiztegian, forma berriei dagokienez, baina lantaldeak "etengabe" jarraitzen duela hiztegia handitzen: "Batez ere, berrikusten, osatzen eta hobetzen. Fintze-lana izan da seihileko honen ardatz nagusia: aditz erregimena berrikusi dugu, azpisarreretako definizioak, adierarik gabeko adierak, sarreretako gramatika- eta adiera-oharrak, taxonak, etab. berrikusten jarraitu dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak