Kultura ekitaldien artean, musika-ikuskizunak nagusi Debagoienean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko eka. 20a, 07:00

Debagoienean antolatutako musika-ikuskizunetako batzuk. Irudia: Goiena.

Kontzertuak dira bailarako ia herri gehienetan gehien antolatzen diren kultura ekitaldiak, eta, ondoren, antzezlanak; are, ekitaldi mota bat edo beste izan, udazkenean izaten dira gehienak. Gipuzkoara joz gero, berriz, ekitaldi gehien antolatzen dituzten lehen hiru eskualdeen artean da Debagoiena. 

Bailaran antolatzen diren kultura ekitaldien artean musika-ikuskizunak dira nagusi, Kulturklik-ek emandako datuen arabera. 751 kultur ekitaldi antolatu ziren iaz Debagoienean, eta hamarretik lau kontzertuak izan ziren: zehazki, mota horretako 303 hitzordu jaso ziren, programatutako kultur ekitaldi guztien %40,35. Hala ere, badira bestelako ekitaldiak ere: antzerkiari dagokionez, 157 antzezlan taularatu ziren antzokietan (%20,91), eta 106 izan ziren zinemako eta ikus-entzunezko ekoizpenen (%14,11) emanaldiak. Horrez gain, hamasei dantza ikuskizun (%2,13) antolatu ziren, eta gainontzeko ekitaldiak –lehiaketak, jardunaldiak eta jaiak, esate baterako– 169 izan ziren (%22,5). 

'Kulturklik' eta datuen bilketa

Erreportaje honetan erabilitako datu guztiak Kulturklik-etik atera dira, EAEn programatutako kultura-jarduerak biltzen dituen Eusko Jaurlaritzaren datu-basetik. Iturri publikoa da, egituratua eta baliagarria konparaziozko analisiak egiteko. Hala ere, garrantzitsua da aipatzea Kulturklik ez dela nahitaezko erregistroa: erabilera sustatzaileek, udalek edo kultura-eragileek beren jarduerak borondatez sartzearen mende dago. Beraz, litekeena da azterketa honetan jasota ez dauden ekitaldiak egotea, batez ere zirkuitu instituzionaletan hain integratuta ez dauden udalerrietakoak eta eragileetakoak. Muga horrek ez du argazki orokorra baliogabetzen, baina zuhurtasuna eskatzen du: erradiografia osoa eta zehatza baino gehiago, erretratu adierazgarria da, eta agerian uzten du nork duen ikusgarritasuna, egitura eta kanal ofizialetarako sarbidea.

Herrietako egoerari dagokionez, Debagoiena mailan bezalaxe, musika-ikuskizunak dira nagusi ia gehienetan: Antzuolan, Aramaion, Arrasaten, Bergaran, Elgetan, Eskoriatzan eta Oñatin. Baina badira salbuespenak: Aretxabaletan, antzerkiak antolatzen dira gehienbat, 2024ko datuak gogoan izanda, behintzat; eta Leintz Gatzagan, berriz, orekatuagoa da egoera: herriko jaiez gain, antzerki eta dantza emanaldi bana izan zen iaz.

 

Kultura ekitaldi gehienak herri handienetan pilatzen dira, eta gutxien, berriz, txikiagoetan. Bailarako egoerari erreparatuz gero, hamar ekitalditatik ia hiru Arrasaten antolatzen dira –zehazki, 208 izan ziren iaz, Debagoienean antolatutako ekitaldi guztien %27,70–, eta hurrenez hurren ditu honako herri hauek: Bergaran, 197 ekitaldi (%26,23); Oñatin, 147 (%19,57); Eskoriatzan eta Aramaion, 38na (%5,06); Antzuolan, 26 (%3,46); Elgetan, zortzi (%1,07); eta Leintz Gatzagan, hiru (%0,40).

Debagoiena, Gipuzkoakoen artean hirugarren

Gipuzkoako egoerari erreparatuz gero, Debagoiena hirugarren eskualderik kulturalena dela esan daiteke; bai, behintzat, iaz programatutako kultura ekitaldiak badira horren adierazle. Donostialdean, 4.337 ekitaldi antolatu ziren; Urola Kostan, 851 izan ziren; eta Debagoienean, berriz, 751. Hurrenez hurren, honako eskualde hauek daude: Goierri (631), Tolosaldea (532), Debabarrena (515) eta Bidasoa-Txingudi (447).

Eskualdeen artean Donostialdea da Gipuzkoan kultur ekitaldi gehien antolatzen dituena, eta Donostia, berriz, hiri edo herrien artean. Horrela da Araban eta Bizkaian ere, Gasteizen eta Bilbon pilatzen baitira ekitaldi gehienak; hala ere, EAE bere osotasunean hartuz, gainontzeko herri batzuetan ere hainbat ekintza antolatzen dira, eta lehen hogeien artean daude –edo, TOP20aren barruan–, esate baterako: Arrasate, hamabigarren postuan; eta Bergara, hamabosgarrenean. Eta TOP40a gogoan izanez gero, Oñati ere sar daiteke, 23. postuan baitago.

Ekitaldi gehienak, udazkenean

Udazkena da urtarorik kulturalena Debagoienean, iazko datuak gogoan izanda: antolatutako hamar ekitaldietatik hiru udazkenean egin ziren –zehazki, 221 izan ziren, ekitaldi guztien %29,43–, eta jarraian daude: udaberria, 191 ekitaldirekin (%25,43); negua, 183rekin (%24,37); eta uda, 156rekin (%20,77).

Herrietara joz gero, hala ere, honako hau da egoera: Antzuolan eta Aretxabaletan udan antolatzen dira ekitaldi gehienak; Aramaion, Elgetan eta Leintz Gatzagan, udaberrian; Arrasaten, Bergaran eta Oñatin, udazkenean; eta Eskoriatzan, neguan. Gutxien, berriz, udan antolatzen dira bederatzi herrietatik seitan: Arrasaten, Bergaran, Elgetan, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan eta Oñatin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak