Klima aldaketaren kontra Europa mailan ikasleen mugimenduen mobilizazioak abiapuntu hartuta idatzi zuen orain dela bost urte Marian Porcelek (Arrasate, 1971) Nevermore izeneko eleberria. "Sekulako poztasuna eman zidan ekimen hark; bada, oraingoan, kontrako sentsazio batetik sortu dut Agur Karibu; izan ere, pandemiaren ostetik guztioi bizitza askoz estuagoa egin zaigula iruditzen zait, instrukzio larregi ematen digute, eta gazteei gehiago; eta, kontrara, askatasun gutxi. Bizipoza berreskuratzea garrantzitsua iruditzen zait, eta hortik abiatu nuen orain eskuetan dudan liburu berria. Oinarrian, abenturazko istorio bat da; aldi berean, pertsona eta egoera berriak ezagutzeko grina, eta harritzeko gaitasuna pizteko aldarria egiten duena", dio Porcelek.
Artikora bidaia
15 urte dituen Julen eta bere amama Petra dira istorioko protagonista nagusiak. "Gaixorik dago Petra, eta badaki ez zaiola denbora askorik geratzen; hortaz, iloba konbentzituko du aspaldiko lagun baten belaontzian Artikora joateko. Petra gaztea zenean han egon zen, espedizio batean, zientziari-lanetan, eta hara itzuli gura du, karibuak ikustera. Oinarrizko istorio horren ondoan, baina, beste istorio bat ere badago; izan ere, iraganeko kontu bat du amamak gordeta, eta bidaia horrekin argitu gura du. Julenek ez dauka horren berririk, eta bidaian zehar jakingo du".
Abenturazko liburu entretenigarria egiten saiatu dela gaineratu du: "Pertsonaia eta egoera bereziak agertzen dira, eta askotariko paisaiak deskribatu ditut; esaterako, izotz-mendiak eta baleen eta itsas txakurren guneak. 12 eta 16 urte bitarteko irakurleak gura nituzke, bada, bereziki, gonbidatu, baina helduagoentzako ere polita dela uste dut. Bihotzeko lagun Leire Bergarak eta John Anduezak lagundu didate liburua txukuntzen, eta oso eskertuta nago".
Elkar dendetan eskuragarri
Aurreko liburua bezala, Elkar argitaletxearekin argitaratu du, eta argitaletxeko liburu-dendetan eros daitezke, baita beste liburu-denda batzuetan ere.