Arrasateko garaia Parke teknologikoak hartu du gaur Fagor Taldearen ohiko batzar nagusia eta bertan, 2024ako emaitzen eta ekimenen berri emateaz gain, aurrera begirako erronken inguruan ere egin du berba Joxean Alustiza Taldeko lehendakariak.
Hala, 76 milioi euroko irabazi kontsolidatuak izan zituen Fagor Taldeak 2024an eta ia 3 milioi banatu zituen gizarte ekinbideen artean. Zehaztu dute, era berean, azken horietatik 1,7 milioi euro Debagoieneko gizarte proiektuetara bideratu direla.
Aurrera begirako erronken inguruan, bide beretik jarraitzeko konpromisoa berretsi du Alustizak: "Azken urteetako gorabeheretara egokitzen jakin izan du Fagorrek. Testuinguru geopolitikoak hankaz gora jarri ditu merkatuak, eta teknologiaren berritze abiadurak exijentzia handiko erronkak dakartza. Kooperatibek, oro har, testuinguru berrietara egokitzen jakin izan dute".
2024an, 414 bazkide berri
Gaur gaurkoz, 4.350 bazkide baino gehiago ditu Fagor taldeak, horietatik 414, 2024an egindakoak. Taldeko lehendakariak Debagoienean eta oro har, Euskal Herrian lana sortzeko duen konpromisoa ere azpimarratu du: "9.700 langile baino gehiago gara mundu osoan, eta, gehienak, 5.245 langile, Euskal Herrian gaude. Horien %83 bazkide gara, gainera. Bestelako enpresa eredu baten bidez, langileak jabe izanda, bidezko eredu batetik, kooperatibagintzatik, konpromiso sozialetik, Debagoienean, eta, oro har, Euskal Herrian, lana sortzen eta ongizatea bermatzen jarraitzea dugu lehentasun". Talde barruan dauden Fagor Arrasate eta Onnera Group kooperatibek euren lantegi nagusiak handitzeko egiten ari diren inbertsio "handiek" konpromiso hori berresten dutela gaineratu du Alustizak.