Bi debagoiendar daude Inspira Gazteak sarien finalisten artean

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko mai. 27a, 18:15

Eider Etxeberria eta Maite Ponferrada finalistak.

Arrasateko Eider Etxeberria eta Eskoriatzako Maite Ponferrada daude finalisten artean, Kutxa Fundazioaren Inspira Gazteak sariketan. Sari horien bidez, talentu gaztea eta konprometitua sustatu, lagundu eta nabarmendu nahi ditu Kutxa Fundazioak, guztira bost gazte 15.000 eurorekin sarituz. Aurtengo hamabost finalistetatik bi dira bailarakoak.

Guztira 120 proposamen baino gehiago jaso dituzte Kutxa Fundazioaren Inspira Gazteak sarien bigarren aldian. Talentu gaztea eta konprometitua bultzatu nahi dute sariketa horrekin eta dagoeneko jakinarazi dituzte nortzuk diren hamabost finalistak; horietako bi dira debagoiendarrak, Arrasateko Eider Etxeberria eta Eskoriatzako Maite Ponferrada.

Finalista debagoiendarrak

Finalisten perfilak "oso anitzak" direla adierazi dute antolakuntzatik eta Gipuzkoari ekarpena "eremu desberdinetan" egiten dihardutela, besteak beste: jasangarritasunean, inklusioan, osasunean, sentsibilizazioan, ikerketan...

Finalisten artean dagoen Arrasateko Eider Etxeberriak, esaterako, unibertsitatean zegoela ezagutu zuen bere egungo bazkidea, eta bien artean argi ikusi zuten pertsona nagusiekin lan egin nahi zutela. Erronka nagusi bat identifikatu zuten: pertsonak jubilatu ondoren gizarte-talde batean sartzen direla —anitzena, agian—, baina eskuragarri dauden baliabide gehienak dependentziara bideratuta daudela, eta ez autonomia sustatzera. Hortik abiatuta, euren proiektua diseinatu zuten eta hainbat udalerrirekin harremanetan jarri ziren proiektu pilotuak martxan jartzeko. Gaur egun, bi sortzaileren hasierako ideia batetik abiatuta, sei pertsonako lan-talde bat dute osatuta.

Eskoriatzako Maite Ponferrada da beste finalistetako bat. Harentzat ikus-entzunezkoa gizartea eraldatzeko eta inpaktua sortzeko tresna da. Unibertsitatean hasi zuen bere ibilbidea, osasun mentala, migrazioa eta inklusioa jorratzen zituzten dokumental-proiektuetan parte hartuz. Gaur egun, ekintzailea eta Pletina Films ikus-entzunezko estudio kreatiboaren sortzaileetako bat da. Kontatzen dituen istorien bidez inpaktu bat eragite du helburu. Bide horretan, aldaketa bilatzen duten elkarte, erakunde eta kolektiboekin egiten du lan.

Sari banaketa

Ekainaren 26an, bost irabazleak nortzuk diren jakingo da Tolosako Topic zentroan egingo den sari banaketan. 15.000 euroko saria jasoko du gazte bakoitzak bere konpromisoari lotutako ibilbidearekin jarraitu ahal izateko. 

Inspira Gazteak sarien bitartez, talentu gaztea eta konprometitua sustatu, lagundu eta nabarmendu nahi ditu Kutxa Fundazioak, Gipuzkoako gazteak lurraldearen alde mugitzen direla sinetsita eta euren lana balioan jartzeko asmoz. Hala, beste gazteentzat erreferente izan daitezkeen pertsonak lehen lerrora ekarri nahi dituzte eta beraien egitekoarekin jarraitzeko aukera berriak eman nahi zaizkie.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak