Debagoieneko Gurutze Gorriak ate irekiak egingo ditu domekan, ekainaren 1ean, euren jarduna bertatik bertara erakusteko asmoz. "Gurutze Gorriko ateak urte osoan daude zabalik, baina familia giroko jardunaldi bat prestatu dugu, bai gure proiektuak ezagutu nahi dituzten helduentzat, bai anbulantzia bat edo erreskaterako ibilgailuak ikusi nahi dituzten gazteentzat", adierazi du Javier Igartuak, Deabagoieneko Gurutze Gorriko lehendakariak.
Zerbitzu soziosanitarioetako boluntarioek, batetik, martxan dauden proiektuak erakutsiko dizkiete hara gerturatzen direnei, eta, bestetik, han izango dira Lehorreko Bilaketa eta Salbamenduko Larrialdiei Berehala Erantzuteko Taldeetako kide batzuk ere. "Boluntariotza lan bati ekitea planteatzen ari diren pertsona guztiek, horrenbestez, gertutik ezagutu ahal izango dituzte Gurutze Gorrian aurki ditzaketen lankidetza-aukerak", erantsi du Igartuak, honako hau argituz: "Ez da beharrezkoa prestakuntza berezirik izatea Gurutze Gorriko boluntario izateko, hemen pertsona bakoitzak ahal duen ekarpena egiten baitio gure misio humanitarioari".