Erretzaile pasiboak eta ke-motak izango dira, Osakidetzaren esanetan, Kerik Gabeko Astean hizpide. "Tabakoaren eta horrekin lotutako produktuen kearen arriskuez herritarrak kontzientziatzea dugu asmo, eta tabakismo pasiboaren inguruko sentsibilizazioa sustatzea". Hala, hori ahalbideratu ahal izateko, batetik, Debagoieneko osasun-zentroetako sarreretan mahai informatiboak jarri dituzte eta, bestetik, Bergarako Oxirondo plazan izango dira eguenean, hilaren 29an.
Galdetegia, eskuragarri
Kontzientziazioa "indartzeko" asmoz, zazpi galderaz osatutako ke-moten inguruko galdetegi bat prestatu du Osakidetzak, eta osasun-zentroetan, eskualdeko udaletxeetan eta elkarte ezberdinetan dago eskuragarri. Jakinarazi dutenez, adin nagusiko herritar guztiei dago bideratuta, "helburua ahalik eta jende gehienak parte-hartzea eta tabakoak dituen kalteen inguruan hausnartzea baita".